Eusteko, ihes egiteko edota babestua sentitzeko sarea. Hori da Urduñako Adi Emakumeak eta Orozkoko Matxintxu taldeetako boluntarioen helburua. Funtsean, gertutasuna, konfiantza, babesa eta informazioa eskainiko diete Tartekarien Sarera jotzen duten emakumeei. Urduñarrentzat 688727187 izango da harremanetan jartzeko telefonoa, eta orozkoarrentzat 688727188. Era horretan nahi dute sortu Aiaraldeko elkartekideek entzuteko konfiantza eremua.
Aiaraldean Matxintxu eta Adi Emakumeak dira Tartekari izateko urratsa eman duten lehen bi eragileak. Egitasmoa, baina, Bizkaikoa da. Irati Alonsoren esanetan, gaur gaurkoz 37 elkartek osatzen dute sarea, “Babes Soziala emateko 70 agentek”. 2012. urtean abiatu zuten dinamika 8 eragile eta 17 lagunekin. Alabaina, denbora igaro ahala kideak eta beharrak areagotu dira: “Igoera progresiboa eman da bost urtetan”. Iaz batu ziren ekimenera Urduña eta Orozko. Tartekarien zeregina hainbat lagunek osatzen dute, kopurua zehaztu ez badu ere. Argi du arrazoia: “Udalerri txikiak dira Urduña eta Orozko, 5.000 biztanletik beherakoak”. Horregatik ez ditu datu gehiago aipatu, jendeak ez ditu identifikatu behar. “Eragileen identitatea eta konfidentzialtasuna babesteko neurria da; eta jakina, artatzen dituzten emakumeena ere bai”, erantsi du.
Gaur gaurkoz 37 elkartek osatzen dute sarea. 2012. urtean abiatu zuten dinamika 8 lagun eta 17 lagunekin
Zergatik eratu sarea?
Arazoen aurrean errazagoa da lagun, senide edo gertuko batengana jotzea profesionalengana baino. Hori dela eta, Babes Sozialeko Agentea figura eratzea erabaki zuen Bizkaiko Foru Aldundiak. Izan ere, oro har, ezezagutza da nagusi genero indarkeriari aurre egiteko baliabideen artean: “Horrek bortizkeria harremana mantentzea dakar, askotan emakumeek ez dutelako ezagutzen existizen diren zerbitzu, erraztasun eta baliabideak”.
Haatik ekin zioten Tartekarien Sarea josteari Bizkaiko hainbat elkartek. Nagusiki, Bilbo inguruan errotu zen lehenbizi; “gerora hedatu da beste eskualdetara”. Zortzi eragilerekin heldu zioten erronkari, eta bost urteren buruan laukoiztu egin da kolektiboen inplikazioa. Gertutasuna dute gako, eta telefonoa lanabes. “Tresna nagusia telefono zenbakia da, nahiz eta, normalean, pertsona horiek aurrez aurre ere egoten dira erasotuak izan diren emakumeekin”, azaldu du Alonsok.
Tartekarien funtzioak
Egiteko nagusitzat dute laguntza eskaintzea bikote edo bikote ohien bortizkeria jasan duten herritarrei. Zehazki, entzumen aktiboa baliatuta egiten dute emakumearen egoeraren informazio bilketa... Horrela, aurreneko diagnostikoa jasotzen dute, salaketa bidea hautatzeko: “Bizi duen egoerarekin zer egin nahi duen galdetzen zaio, bere salaketa edo eskaera bideratzeko dauden baliabideen berri emanez.
Esaterako, bortizkeriagatik banatzea pentsatzen ari den emakumea agentearengana bertaratu ohi da erabakiak bere egoeran zelako eragina duen jakiteko: etxebizitza, seme-alabak...”. Hori guztia argitzeko profesionalen laguntza dute Tartekariek. Suspergintza elkartea arduratzen da horretaz: “Trebakuntza eta esperientzia handiko elkartea da. Emakumeen arretari garrantzia emateaz gain, eragileei babesa eta aholkularitza eskaintzen diete”.
Ildo beretik, biolentziaren kontrako sentsibilizazio eta prebentzio kanpainak gauzatzen dituzte. Tartekarien lana errazteko, boluntarioei trebakuntzak eta ikastaroak ematen dizkiete, euren jardueran sakontze aldera.
Bereizgarrietaz galdetuta, Alonsok dio espazio pribatu, babestu eta seguruak dituztela Tartekarien Sareek: “Ez dugu inor epaitzen, emakumeak bere egoera lasai asko azal dezakeen gunea da”. Emakume bakoitzaren kasua ezberdina da, haren aburuz: “Pertsona bakoitza mundu bat da.
Horregatik, aholkularitza bakoitza indibiduala da, kasuan kasukoa; norberaren nahi eta beharretara egokitzen dugu”.
“Babes sozialeko agente” izateko prestakuntza jaso dute Urduña eta Orozkoko emakumeek
Tartekari izateko zer egin
Tartekari izateko prozesuaz ere mintzatu da Alonso. Izan ere, makina bat pauso eman behar dira “Babes Sozialeko Agente” bilakatzeko. Aurrenekoa izen-ematea da, lehen kontaktua ahalbidetzeko. Ondoren, elkarrizketa fasea gainditu behar du interesatuak, hautaketa baten ondorio baita Tartekarien Sarea. Langa hori pasatzen dutenek, trebakuntza ikastaroa jasotzen dute. “28 orduko prestakuntza eskuratzen dute zereginei egoki heltzeko”, argitu du arduradunak. Bizkaiko Foru Aldundiaren egitasmoa izaki, elkarte partaidearekin hitzarmena sinatzea da azken urratsa: “Kasu honetan Adi Emakumeak eta Matxintxurekin itxi da akordioa. Esandako lau urratsak ezinbestekoak dira programaren parte izateko”.