Aratz Garmendia izan zen garailea Zarautzen jokatutako K-1 torneo amateurrean. Garmendiak ez zuen parte hartu behar lehian, baina beste borrokalari batek kale egin zuen eta berak hartu zuen lekua. Lehenengo arerioa, gainera, beste aiaraldear bat izan zen: Julen Aldama, Cape Team-ekoa.
Bien arteko borroka oso parekatua izan zen eta 3. roundera jo behar izan zuten erabakitzeko nork merezi zuen irabaztea (borroka amateurrak 2 roundez osatuta daude). Azken zati horretan Garmendiak prestaketa fisiko profesionala baliatu zuen, eta amurrioarra gailendu zuen. Horren ostean, finalera jo zuen eta han ere menperatu zuen aurkaria.
Eneko Aramendi orozkoarra ere neurtu zen Zarautzen, kartelean bere borroka iragarrita ez bazegoen ere. Orozkoarrak 1. roundean KO teknikoz gainditu zuen arerioa.
Azkenengoz, Asier Ispizua laudioarra Jaime Urdanpiletaren kontra lehiatu zen, lagun eta etxeko kirolaria. Borroka oso berdindua izan zen eta puntuen bitartez erabaki zuen epaileak zarauztarrari ematea garaipena. Arau profesionalekin neurtu ziren, 3 minutuko 3 round beteta.