Euskararen eguna 2017

Geratzeko etorri dira ahobizi eta belarriprestak eskualdera

Txabi Alvarado Bañares 2017ko abe. 2a, 09:46

Urrian egin zen kanpainaren aurkezpena, Urduñan. / Bego Guillen

Igandean -abenduak 3- bukatuko da Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak azaroa hasieran abian jarritako kanpaina. Urduñan izango da amaiera-jaia. Ekimenaren antolatzaileen positiboki baloratu dute erronkak izan duen harrera, 4.500 aiaraldear animatu baitira astebetez euskaraz bizitzera.

Eskualdeko 4.500 lagunek hartu dute parte euskara sustatzeko abian jarritako erronkan. “Populazioaren % 20ak partehartu du herri txikietan, eta handietan ere ez gara horren atzean ibili”, jakinarazi dute Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko kideek. “Espero baino ahobizi gehiagok hartu dute parte egitasmoan, baina nahi baino belarriprest gutxiagok”.

Hala ere, “pozik eta harro” azaldu dira herritarrek eginiko ahaleginarekin. 100 lagun baino gehiago aritu dira auzolanean eta makina bat ekintza egin dira herri eta auzoetan. “Norbanakoen konpromisoa helburu kolektibo bihurtu dugu”, adierazi dute ekimenaren antolatzaileek, eta gaineratu dute “sorpresa politak” egon direla “herri-desafioak” iraun duen egunetan: “jendeak ezustekoak hartu ditu bere ingurunea uste baino euskaldunagoa dela jakitean”.

 

Aurreikusi baino askoz ahobizi gehiago batu dira kanpainara. Belarripresten kasuan, baina, ez da lortu planteatutako markara iristea

 

Hori gertatu zaio Loli Garcia amurrioarrari. Belarriprest gisa aritu da astebetez, eta gustatu zaio esperientzia. “Badago parte hartzera animatu ez den jende ugari, euskaraz gaizki hitz egitearen beldur direlako. Baina pausotxo bat ematea baino ez zaie falta”.

Garciaren iritzi berekoa da Eukene Larrea ahobizia: “Badago lotsagatik euskaraz hitz egitera animatu ez den jendea, baina euskaraz egin diet eta bi hizkunztak nahastuaz erantzun didate”.

Egoitz Vadillori ere asko gustatu zaio kanpaina, baina aitortu du oztopo handi batekin egin duela topo euskaraz bizitzeko erronkari heltzean: ohitura-falta. “Ohitura daukat euskaraz hitz egiteko, nire neskalaguna Durangokoa delako. Baina koadrilako kideen artean gazteleraz mintzatzen gara, guztiok euskaraz dakigun arren”, azaldu du. Artziniegarrak gaineratu du toki-publikoetan ere nabaria dela euskararen falta; “jatetxe askotan menua gaztelera hutsez dago, adibidez”.

Seme-alabak motibazio
Seme-alabekiko hizkuntza ohiturak aldatzea izan da kanpainaren xedeetako bat. “Ardura eta erantzukizun osoa txikiengan jartzetik helduen teilatuan kokatzera jo dugu aurten”, azaldu dute kontseiluko kideek, “ume txikienak ahobizi direla ulertzen dugu, baina helduon laguntzarik gabe ezingo dira sekula euskaldundu”.

Horregatik animatu da Itziar Harillo Guaresti urduñarra belarriprest gisa aritzera. “Nire alabengatik animatu nahiz batez ere”, azaldu du. Gustatzen zaio kalean euskara entzutea: “Jende askok hitz egiten du, baina ni ez naiz ausartzen erantzutera”. Horregatik, “motibatzeko modu bat” izan da berarentzat kanpaina.

Iñaki Cabeza amurrioarra ere saiatu da bere alabekin eta emaztearekin gehiago hitz egiten. Hala ere, erronka handiena “hemendik aurrerakoa” dela azpimarratu du, “gure eguneroko bizitzan islatu behar dugu kanpaina honetan eginikoa”.  

Euskararen Eguna, Urduñan
Urduñan emango zaio amaiera kanpainari. Hirira bertaratuko dira eskualdeko ahobizi eta belarriprestak abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko.

Zita garrantzitsu hori  Urduñan izateak “ilusio berezia” sortu du hirian, Matxalen Garcia Escuderoren esanetan. Parte hartzean islatu da ilusio hori: “Hirukoiztu egin da ahobizi kopurua, 550 urduñar baino gehiago batu dira kanpainara”. Euskalgintza kontseiluko kideak nabarmendu du  “lanketa handia” egin dela hezkuntza zentroetan. “Tar-tarra Kartoi Band umeen txaranga ere berpiztu da, entseatzen ari dira igandeko kalejira gidatzeko”.

Foru Plaza izango da ospakizunaren epizentroa. Bertara gerturatzeko zutabeak egingo dituzte goizeko hamaiketan. Herri bakoitza puntu ezberdin batetik abiatuko da. Aiara, Artziniega eta Okondoko bizilagunak Gernika Plazatik joango dira Foru Plazaraino. Urduña, Orozko, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldoko herritarrak, aldiz, Anbulategi alboan batuko dira. Amurrioarrak Gesaltzako parkinga izango dute abiapuntu, eta tren-geltokia, aldiz, Laudiotik doazenek.

Hortaz gain, hitzorduak jarri dituzte goizean hainbat herrietan, ahobizi eta belarriprest guztiak batera joateko Urduñara (ezkerreko zutabean ikusi daitezke ordutegiak).


Datorren urtean erronka are handiagoa egingo da: 11 egun igaroko dituzte euskaraz bizitzen Euskal Herriko ahobizi eta belarriprest guztiek

 

Egun-erdiko egitaraua
Zutabe guztiak Foru Plazara iristen direnean emango zaio hasiera egitarauari. 12:00etan izango da ekitaldi nagusia. Buruhandiak eta haurrentzako jolasak egongo dira gero, Hilean Bariku Bat talde orozkoarrak kontzertua eskaini bitartean. 13:30ean irekiko da “bazkari-buffeta”. Indabak, paella eta txerrikia eskainiko dira (bost euro plater bakoitzeko). 16:00etan egingo da agur ekitaldia. Kale animazioa, batukada, puzgarriak, zozketak... beste hainbat ekintza egongo dira baita ere egunean zehar.

Datorren urtean, 11 egun
Hala ere, igandean ez da ezer amaituko. Aurtengo kanpaina “datorren urterako beroketa” izan dela ohartarazi dute antolatzaileek. “Erronka nazionala” izango da 2018koa, Euskal Herri osoko pertsonak arituko baitira 11 egunez euskaraz bizitzen. “Makinariak berotuak izango ditugu ordurako”, ziurtatu dute Kontseiluko kideek. Geratzeko etorri dira ahobizi eta belarriprestak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide