Aiaraldea Bat plataformak aurkezpen irekia egingo hilaren 16an Laudion. Lamuza Parkeko Kasinoa aukeratu dute hitzordurako toki gisa. Gure Esku Dago eragileko plataformak adierazi duenez, parte hartze demokratikoa bultzatzea da helburua, "norberak erabakitzeari bide ematea".
2018ko udaberrian egiteko asmoa dute herri galdeketa Aiarako herrietan. Lehendabiziko txanpa -hots, sinadura bilketa- bukatu dute dagoeneko. Ondorengo urratsen berri emateko izango da antolatutako ekitaldia.
2013an sortu zen Gure Esku Dago. "Geroztik, hainbat ekimen burutu dira Euskal herrian. Lau urteotan milaka herritarrok adierazi dugu modu aktiboan erabakitzeko borondatea, konpromisoa eta determinazioa", erantsi dute. Nabarmendu dutenez, dagoeneko 780.000 bizilagunek izan dute aukera herri galdeketetan parte hartzeko.
Maiatzaren 6an, herri galdeketa
"Aiaraldean herri galdeketa antolatzeko sinadura bilketa egin dugu azken bi hilabeteetan", gaineratu dute. Emaitzak ere aurreratu dituzte: hautesle-erroldaren %14k eman dio babesa ekimenari sinadura bidez. "2018ko maiatzaren 6an 16 urtetik gorako herritarrok erabakitzeko eskubidearen alde bozkatzeko aukera izango dugu". Bien bitartean hainbat ekintza eta ekimen egingo dituzte.
Artziniegan, Okondon, Amurrion, Laudion eta Aiaran gauzatuko dute galdeketa. Orozkon iaz egin zuten, eta Arrankudiaga-Zollon 2014an. Hain zuzen, Arrankudiaga-Zollo izan zen galdeketa egin zuen Euskal Herriko bigarren herria.