Artziniegako Geltoki plazako zenbait auzokidek (28 inguru) eta Larruazabal Administrazio Batzarreko hainbat lagunek azaldu dute elektrizitate hornidurarik gabe egon zirela atzo gaua heldu arte.
Igande gaueko haizeteek kalte ugari sortu zituzten eta horien ondorioz gertatu zen argindarraren zerbitzuaren etena. Atzo gauean konpondu zuen Iberdrolak.
Artziniegako herritar batek adierazi du konponketa behin-behinekoa dela. Izan ere, makal baten erorketak zenbait kable moztu zituen eta gainkarga jazo zen. Artziniegarrak salatu du Iberdrolak ez diela inolako azalpenik eman.
Larruazabalen ere, Belandian, hain zuzen, igandean 21:30ak aldera geratu ziren argindarrik gabe eta atzo 18:30ak aldera berriro izan zuten. "Guztiz babesik gabe gaude enpresaren aurrean", gaineratu du Iberdrolaren bezero batek.