“Ziklokrosean bide luzea dago oraindik egiteko”

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko urt. 10a, 14:00
Aiaran bizi dira Luisa Ibarrola eta Iosu Isasi. / Aiaraldea.eus

LUISA IBARROLA (Saratxo, 2000) eta IOSU ISASI (Laudio, 1974) dira ziklokros denboraldiak emandako protagonista nagusiak, Euskadiko Txapeldun bezala gailendu baitira biak “Junior” eta “Master-40” mailetan hurrenez hurren.

Ziklokros denboraldi emankorra izan da aurtengoa zuentzat, Euskadiko Txapeldun bukatu duzue biek. Nolakoa izan da ibilbidea?
IOSU: Nik Euskadiko Txapelketako egutegi barruko lasterketetan parte hartu dut soilik. Orokorrean urteak oso sentsazio positiboak utzi dizkit, ez dut aparteko matxurarik edo apurketarik izan eta lehiatu naizen lasterketa guztietan irabazteko aukera izan dut. Iaz duatloiarekin batera jardun nuen ziklokrosean, ondorioz ezin izan nintzen lasterketa guztietan aritu.

LUISA: Nik Urduñako Ziklokrosean ekin nion denboraldiari urriaren lehenengo asteburuan eta orokorrean oso gustura eta eroso sentitu naiz. Aurten mailara erraz ohitzea lortu dut eta, askotan, elite txirrindulariekin lehia zuzenean sartu naiz. Iaz kadete kategoria atzean utzita aldaketa bortitzagoa izan zen, kategoria altuagoko neskekin aritzen nintzen lehenengo aldia baitzen. Neurria hartu diot egoerari, entrenamendu egokia aurrera eramatea da bidea.

 

IOSU: "Geroz eta arriskutsuagoa da asfaltora ateratzea"



Nolakoa da zuen entrenamendu saio bat? Baliabide nahiko daude ziklokrosean aritzeko?
L: Eskualdean ez dago ziklokros zirkuitu egonkorrik, ez. Nik pertsonalki ez dut faltan botatzen, etxe inguruko zelaiez baliatzen naiz, gakoa lokatzera ohitzea da eta hori erraz aurkitu dezakezu inguruan. Hala ere, gehienetan, errepidera ateratzen naiz pedalei eragitera eta astean behin mendian zehar korrika egitera.

I: Nik nagusiki errepidean entrenatzen dut ere. Egun euritsuetan Laudioko Arraño mendi aldean aritzen naiz bizikletaz ordu bete inguruz.

Eskualdean goraka doan kirol bat dela dirudi ziklokrosa, bai zale zein kirolari kopuruan. Kirolaren irudi erreala da?
L: Pixkanaka pixkanaka, geroz eta gehiago entzuten da ziklokrosaren inguruan. Aurreko urteekin alderatuz gero, aldea badago baina oraindik bide oso luzea daukagu aurretik.

I: Sare sozialek ere asko eragin dute. Egiten den gauza oro zuzenean zabaltzen da, horrek asko lagundu du.

Igartzen da kadete mailara igo berri diren gaztetxo gero eta gehiago aritzen direla ziklokrosean. Eta eskualdeko txirrindularitza eskoletan ume ugari biltzen dira. Ez dira, ordea, beste garai bateko zifrak; duela 30 urte 120 kadete fitxa zeuden zabalik eskualdean, egun ez dira 25era helduko.

Beherakada hori, zeren ondorio dela uste duzu?
I: Errepideak geroz eta arriskutsuagoak bilakatu dira, gu zorte onekoak gara eta paraje ikusgarriak ez ezik, bide nahiko egokiak ere baditugu. Baina orokorrean oso argi daukat: asfaltora ateratzea geroz eta arriskutsuagoa da.

 

LUISA: "Aurten askotan geratu naiz maila altuagoko txirrindularien aurretik, nahiz aitortza hori ez den podium edo sarietan islatzen"



Nolakoa da emakumeen presentzia bizikletaren gainean?
L: Emakume gutxi gaude orokorrean. Errepidean gehiago aritzen badira ere, Aiaraldean bi emakume baino ez gara ziklokrosean aritzen. Neska faltak egoera bitxiak sortu ditu txapelketetan: juniorrak, 23 urte azpikoak eta eliteak elkarrekin aritzen gara lasterketetan. Horrek lasterketetako maila asko igotzen du. Lehen esan bezala, iaz, nire lehenengo junior urtea izanik, erritmoa hartzea kostatu zitzaidan. Aurten askotan geratu naiz maila altuagoko txirrindularien aurretik, nahiz aitortza hori ez den podium edo sarietan islatzen.

Orain ziklokros denboraldia bukatzear dagoela, helmuga berririk markatu al diozue zuen buruari?
I: Nik, egia esan, ez. Urteak daramatzat bizikleta gainean eta orain afizio bezala ulertzen dut. Argi daukat ez diodala kirola egiteari utziko, baina ez dakit zertan sartuko naizen buru-belarri. Duatloiari ekin nahi diot berriz, eta zalantzarik ez daukat errepideko bizikleta hartu eta lasterketetan parte hartuko dudala, baina ez dut uste apirila baino lehen izango denik.

Datorren denboraldian, ziklokrosean elite mailan aritzeko animatu nau batek baino gehiagok. Ez dut erabaki zer egin, haize-ufaden erritmora ibiltzen naiz ni.

L: Ziklokros denboraldia bukatu ostean hilabetez deskantsatu eta errepidera egingo dut salto. Txirrindularitza eta ikasketak tartekatzen jakin beharko dut aurten. Hauta proba daukat ekainean, baina oraindik ez dut erabaki zer ikasi nahi dudan, kirolarekin harremana duen zerbait izango dela ziur, fisioterapia, nutrizioa edo kirol jardueren zientzia baititut aukera nagusiak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide