Goi tentsioko linea eraiki nahi dute Ganekogortako ingurune babestuan

Txabi Alvarado Bañares 2018ko urt. 16a, 18:49

Ganekogorta eta Pagasarritik igaroko da tentsio-altuko linea. Argazkiak: Cam Miller eta Oliver Dodd

Uda ostean ekingo diote Gueñes eta Itsaso arteko goi-tentsioko linea eraikitzeari. 74,5 kilometroko ibilbidea egingo du elektrizitate-sare horrek eta Aiaraldetik ere igaroko da; Okondotik eta Arrankudiaga-Zollotik, hain zuzen. Eragile ugari azaldu dira proiektuaren aurka, ingurugiroan eragin nabarmena izango lukeela argudiatuta.

Ibilbide luzeko proiektua da “Gueñes-Itsaso” tentsio altuko linearena, duela ia hamarkada bat mahaigaineratu baitzen lehenbiziko aldiz. Baina iaz pausu garrantzitsuak eman ziren proiektuaren tramitazioan eta 2018a urte-gakoa izango dela dirudi, obrekin uda ostean hasteko asmoa adierazi baitu Red Eléctrica Española enpresak.

Gueñes (Bizkaia) eta Itsaso (Gipuzkoa) lotzea da proiektuaren asmoa, 400 kV-ko zirkuitu bikoitzeko kable-sarea eraikita. 73,5 kilometroko ibilbidea egingo luke lineak eta 25 udalerritik igaroko litzateke, Bizkaiko 17tik, Gipuzkoako zazpitik eta Arabako batetik.

Okondo da udalerri arabar hori. Lineak ia kilometro bateko -934 metro- ibilbidea egingo du herritik. Hori ez da izango tentsio altuko lineak Aiaraldean izango duen presentzia bakarra, Arrankudiaga-Zolloko lursail batetik ere igaroko baita, Ganekogorta-Pagasarri mendien ingurutik, hain zuzen.   

 

Arrankudiaga- Zolloko Udalak proiektuaren aurkako txostena aurkeztu du, “Babes Bereziko Eremu” batetik igaroko dela argudiatuta



AHTaren hornidura
Proiektuak “izaera estrategikoa” duela nabarmendu du Antonio González-Urquijok. Red Electrica Españolako ordezkariak azaldu du lineak penintsularen iparraldeko sare elektrikoa ixteko balioko lukeela. “Horrek energia Galizia eta Aragoi artean modu eraginkorragoan mugitzea ahalbidetuko luke, eta EAEko hornidura bermatuko luke, Gipuzkoan batez ere”.

Beste gauza baterako ere balioko luke sareak: AHTa elektrizitatez hornitzeko. Amorebietan, Hernanin eta zehaztu gabeko beste toki batean lotuko lukete tentsio-altuko linea abiadura handiko trenaren sistemara, zenbait komunikabidek aurreratu dutenez.



Ingurune babestua
Arrankudiaga-Zolloko Udalak, baina, ez ditu enpresaren asmoak begi onez ikusten. Egitasmoaren aurkako txostena aurkeztu zuen tokiko erakundeak iaz, Ganekogorta eta Pagasarriko zonaldea “Babes Bereziko Eremua” dela argudiatuta: “Arrankudiagako arau subsidiarioek eta Bilboko Lurralde Zatikako Planak inguru horretan eraikitzea debekatzen dute”.

Linea horren eraikuntzak “konponduko ezineko kaltea” eragingo luke, udalaren txostenaren arabera. Eragina izango luke paisaian, eta baita ondare historikoan ere. “Ibilbide natural asko kaltetuko lituzke, kontrabandisten bidea kasu”. Linea eraikitzeak ekosisteman “eragin larria” izango lukeela uste du udalak, “bertako animalien bizitokia zatituko lukeelako”.

Okondoko Udalak, bere aldetik, ez du proiektuarekiko aurkako txostenik aurkeztu. “Eragin txikia izango du herrian”, azaldu du Jakue Aramburu Ribado Ingurugiro zinegotziak, “herrigunetik urrun igaroko da linea, Cadaguaren eskumako ertzetik”.

 

Red Eléctrica Española da proiektuaren bultzatzailea. Linearen aurkako zenbait eragilek salatu dute entitate horrek ate birakariak dituela gobernuarekin: PPren gobernuko goi-kargudun gisa aritutako Jose Folgado Blanco da talde enpresarialaren lehendakaria



Aurkako taldeak
Arrankudiaga-Zolloko Udala ez da proiektuaren aurka ahotsa altxatu duen erakunde bakarra. EHNEk, Eguzkik eta EH Bilduko hainbat kargudunek prentsaurrekoa egin zuten iazko martxoan; proiektuaren atzean zegoena “enpresa elektriko handiek negozioak mantentzea eta argindar fakturak igotzen jarraitzea” zela salatu zuten, “gure osasuna eta ingurumena, beste behin ere, oligopolio baten mesedetan jartzea da linearen helburua”.

“Güeñes-Itsaso autopista elektrikoaren kontrako koordinadora” ere sortu da, eta ez da bakarra izan. Nafarroan mugimendu indartsua sortu zen Deikaztelu eta Itsaso arteko goi-tentsioko linearen aurka. Mozioak aurkeztu eta onartu ziren zonaldeko ehun udalerri baino gehiagotan, 14.000 alegazio aurkeztu ziren eta herri galdeketak egin ziren, bestelako mobilizazio batzuekin batera. Iaz erabaki zuen Ingurugiro Ministerioak proiektua bertan behera uztea, Autopìsta Elektrikorik Ez plataformarekin bildu ostean.

 

Abiadura Handiko Trena (AHT) energiaz hornitzeko baliatuko litzateke Itsaso-Gueñes linea. Hernanin, Amorebietan eta zehazteke dagoen beste toki batean konektatuko litzateke elektrizitate sarea trenaren sistemara



2020rako amaitua
Gueñes eta Itsaso arteko lineak, baina, aurrera darrai. Azken bi tramiteak egin behar dituzte Red Electrica Españolako arduradunek: Obrak erabilgarritasun publikoa duela dioen dokumentua eskuratzea eta obrak hasteko baimena lortzea. Enpresako ordezkariek aurreratu dute bi urte beharko dituztela lanak amaitzeko. Gauzak hala, linea 2020. urterako prest egotea aurreikusi dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide