Aiaraldea Bat ekimeneko kideek lanean jarraitzen dute maiatzak 6ko herri-kontsulta aurrera ateratzeko. Egun horretan herritarrei luzatuko zaien galdera adostea da emango duten hurrengo pausoa.
Bi fasetan banatu dute pauso hori. Herrietan batzarrak egingo dituzte lehenbizi. Amurrion hilaren 26an egingo dute, 18:30ean. Artziniegan 28an izango da zita, 11:00etan. Laudion otsailaren 10ean egingo dute, 10:00etan. Aiaran ere egun horretan egingo dute, 19:00etan. Herrietako kultura etxeetan egingo dira bilera guztiak Aiarakoa salbu, hau Arespalditzako areto nagusian egingo baita. Okondon ere bilduko dira, baina oraindik ez dute zehaztu noiz.
Eskualdeko bilera
“Behar adina informazio eta orientabide zehatzak” emango dizkiete topaketa horietara bertaratzen direnei, Aiaraldea Bat ekimeneko kideek azaldu dutenez. Behin hori eginda zehaztuko da galdera, bigarren fasean. Herri guztietako parte hartzaileak bilduko dira horretarako.