Larunbatean izan zen Gure Esku Dagoren eskualdeko ekitaldia. Lamia Arcas eta Joseba Iriondo aurkezleek errepasatu zuten abendua bitarte burututako ekintzak. Izan ere, Durango eta Iruñea batu zituen giza kate erraldoiaren ondotik, Zurriola hondartzan mosaikoa egin zuen Gure Esku Dagok, eta oihalekin hautestontziak irudikatu ziren herrrietan. Aiaraldean ere jarri dute martxan erabakitzeko eskubidearen prozesua. Hala adierazi zuten Saraubeko agirian:
Sinadura bilketa egin dute azken bi hilabeteetan, maiatzaren 6an herri galdeketa deitu ahal izateko. Fontso Corredor Aiaraldea Bateko lehendakariaren esanetan, helburu bakarra herri-galdeketa ofizialtzea izan da. "Berme batzordea osatu dugu legelari batzuekin, guzti hau legearen barruan behar den bezala burutu behar baita". Aiara, Amurrio, Artziniega, Laudio eta Okondo herriek osatzen zuten gaur arte taldea, baina Arakaldo ere batuko da dinamikara. "Elkarrekin lan egin behar dugu; eta, aldi berean, herri bakoitzean egin behar da lan", azpimarratu du.
Maiatzaren 6ko galdeketara 30.000 aiarar deitu dituzte. Euskal Herrian, baina, hainbat tokitan egingo dira egun berean galdeketak. Hortaz, 16 urtetik gorako 100.000 lagunek hartu ahalko dute kontsultan parte guztira.
Sinadura bilketaren emaitzak
Jose Prieto Laudioko ordezkariak eman zituen sinadura bilketari buruzko xehetasunak: "Espero genituen emaitzak lortu ditugu, pozik gaude. Herri txikitan batu dira sinadura gehien". Aiaran herritarren %32k egin du bat kontsulta legeztatzearekin, Okondon %21ak, Amurrion %16ak, Laudion %13k eta Artziniegan %10ak. Orotara, Aiara eskualdean, beraz, bozkatzeko aukera dutenen %15ak eman dio babesa egitasmoari. Gutxienekoa %10 izaki, aurrera egingo du proiektuak.
Hurrengo urratsak
Urtean zehar ekitaldi ugari antolatzeko asmoa dute. Koldo Mendiorozek eman zuen horren berri: "Apirilean Oletar landetan egingo dugu ekitaldi nagusia, bozketa aurreko kanpainari hasiera emateko". Salbantone gaineko zelaian batu nahi dituzte herritarrak, mendizaleak, dantzariak, bertsolariak, kirolariak edota musikariak. "Baina ez pentsa egi nahi dugun bakarra denik. Ordura arte, hainbat ekitaldi egongo dira, Horretarako gure esku dagoen guztia egingo dugu, baina eskuak behar ditugu, lagunak eta laguntzaileak". 2018.urtea garrantzitsua izango da, Aiaraldea Bateko kideen arabera.
Egitarauari dagokionez, abenduaren 29an izango da hurrengo zita, "Elkarrekin together" filma proiektatuko dute Laudion. Urtarrilean asanblada irekiak deituko dituzte herri guztietan, Mikel Ramirezek aipatu zuenez: "Elkarrekin zehaztu eta erabakiko dugu galdera". Apirileko kanpaina hasieraren ondotik, hitzaldi-ekitaldi nagusia ere prest dute. Amurrio antzokian izango da, eta Juan Jose Ibarretxe lehendakaria eta Gure Esku Dagoko ordezkariak arituko dira nor baino nor.
Kontsulta finantzatzeko mus txapelketak planteatuko dituzte bailarako herrietan. Horrez gain, zapiak, pinak eta kamisetak saltzen jarraituko dute. Euskal Herri mailan, berriz, "Tripontzia" loteria jarri dute abian: "Kontseilua eta Gure Esku Dagoren artean antolatu da. Dirua , beraz, euskararentzat eta Erabakitzeko eskubidearentzat izango da. Saridunak 60.000 euro eramango ditu".
Etorkizunean Aiaraldea Bat taldeak irautea nahi dute, fundazio gisa edo beste era batera, "herrigintzan lan egiteko asmoz".