Mateo Balbuena 104 urteko miliziano komunistak jasoko du aurtengo Urrezko Guk saria

Erredakzioa 2018ko urt. 27a, 14:37

104 urte ditu Balbuenak eta Lezamako baserri batean bizi da aspaldidanik. / Aiaraldea.eus

2018ko Urrezko Guk saria Mateo Balbuenari emango diote Amurrio Antzokian martxoaren 10ean. 104 urteko gizonezkoa herrian aritu zen Gerra Zibilean Leandro Carro batailoi komunistan.

Lezaman bizi den Mateo Balbuenak jasoko du aurtengo Urrezko Guk saria. 104 urte ditu eta Leonen jaio zen, baina gaztea zelarik Asturiasera jo zuen eta 1934ko iraultzan parte hartu zuen. Izan ere, militante komunista izan da bere bizitza osoan.

Geroago Barakaldora jo zuen eta Alderdi Komunistako Gazte erakundeko arduradun izan zen. Guda Zibila hasi zenean faxisten aurka joan zen borrokatzera Donostiara, eta beste hainbat tokitan ere egon zen gero. Besteak beste, Amurrion aritu zen Leandro Carro batailoiarekin, San Pedro mendiko borroka odoltsuetan.

Euskal Herrian frontea desegin zenean Kantabriara jo zuen eta Torrelavegan zauritu zuten. Gero Asturiasen ibili zen eta guda amaierak Teruelen harrapatu zuen. Estatu Frantsesera ihes egiten saiatu zen, baina Guardia Zibilak atxilotu zuen bidean.

Ondoren, Huesca, Jaca eta Larrinagako kartzeletan egon zen gatibu. Hala ere, ez zuen denbora asko espetxean eman. Hori bai, bere etxetik 200 kilometrora bizitzera zigortu zuten eta Asturiasera joan behar izan zen berriro. Han, militantzia komunistari ekin zion eta beste behin ere atxilotu zuten.

Emaztearekin akademia sortu ostean, Alderdi Komunistan lan egiteari utzi zion. Edonola ere, bere jarduera intelektuala ez da gelditu eta hainbat liburu idatzi ditu. Berez, lan berria prestatzen ari da orain.

Duela urte gutxi alderdikideek omenaldia egin zioten Amurrioko Kultura Etxean eta hunkiturik jaso zuen. Martxoaren 10ean bere ibilbidearen aitortza egingo dute, Guk sariaren galan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide