Lehen planora igaro dira zinemagintzan lan egiten duten emakumeek pairatzen dituzten zapalkuntzak. Iragan urrian erori zen lehen domino fitxa, hainbat emakumek Harvey Weinstein ekoizle ezagunak eginiko sexu-erasoak salatu zituztenean.
Erreakzio-kate luzea eragin zuen horrek: zinemagintza munduko beste hainbat gizonezko entzutetsuren jazarpen kasuak azaleratu dira, #MeToo ekimenaren bidez; eta lehen lerrora eraman dira baita ere emakumeek zazpigarren artearen munduko beste zapalkuntza batzuk -soldata txikiagoa jasotzea, kasu-. Urrezko Globoen sari-banaketan zeresan handia izan zuen gaiak, eta badirudi presentzia nabarmena izango duela baita ere martxoaren 4an egingo den Oscarren galan.
Estatu Espainiarrean ere hasi dira fitxak mugitzen: astelehenean aurkeztu zen “Pandoraren kutxa” izeneko ekimena. 3.000 emakume baino gehiago biltzen ditu egitasmoak eta kultura munduan ematen diren sexu erasoak azaleratzea du helburu.
“Mundu osoan bizi dugu antzeko egoera, kontzientzia gehiago hartzen ari gara”. Hala uste du Leyre Berrocalek. “Erasotu eta mespretxatu gaituzte, baita gizonezkoei ere”, salatu du aktore amurrioarrak.
“Emakumeekiko diskriminazioa dago, eta ez nuke jakingo esaten zergatik”,erantsi du Sonia Paciosek, “ez dut nahi zapalkuntza hori existitzea eta egongo ez balitz bezala jokatzen saiatzen naiz, askotan sumindu egiten naizen arren”. Horregatik, emakumeekiko “diskriminazio positiboa” beharrezkoa dela uste du ekoizle aiaraldearrak, “berdintasunean bizitzera iritsi gaitezen noizbait, harresi guztiak behingoz eraitsita”.
Bizipenak
Oso gaztea zela hasi zen Esti Urresola zinema munduan dauden desorekak nabaritzen. “Karrera amaitu berri nuen eta Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartean -Ibaia- sartu nintzen idazkari moduan lan egitera”, oroitu du zinemagile laudioarrak, “Ekoiztetxe guztietako ordezkariak biltzen ziren hor, 50 urtetik gorako gizonezkoak guztiak”.
Lan bat egitea eskatu zioten behin: Zinema lege berriaren eta aurrekoaren alderaketa egitea; “oso lan xehea eta sakona”. Zuzendaritza batzordera joan zen txostena aurkeztera. “'Ésta ha echo un informe...' esan zuten, ez zidaten ezta nire izenagatik deitu”. Urresolak umorea baliatu zuen egoerari buelta emateko: “'Para llamarme ésta llamame Esti' esan nien”.
Urte batzuk beranduago jazotako beste bizipen bat kontatu du laudioarrak. “Teaser bat -filma bat iragartzeko bideoa- egitea eskatu zidaten”, oroitu du, “gidoia pasatu zidatenean ileak puntan jarri zitzaizkidan. Emakume batekin txortan egin nahi zuten gazte batzuen istorioa zuen ardatz. Sexu-tortura batzuk planteatzen ziren irudi horietan, salmentarako erabiliko ziren, inolako lezio moralik eskaintzen ez zuten irudi batzuetan”.
Zuzendariarekin bildu zen orduan Urresola, eta proiektuarekiko zituen kezkak jakinarazi zizkion. “Berak erantzun zidan nire lanbidean zirujau baten zehaztasunarekin lan egiteko unea helduko zitzaidala noizbait, eta nire kontzientziarekin nituen gatazka horiek gainditu beharko nituela. Ez ninduen inoiz beste lanik egiteko deitu”.
Soldata ezberdintasuna ere aipatu du Urresolak: “Behin nire lanpostu berean zegoen gizonezko bati galdetu nion ea zenbat kobratzen zuen, nire soldatarekin alderatzeko. Ez zen batere eroso sentitu, ez zidan informazioa eman”.
Aurrerapausoak
Hala ere, aurrerapausoak ematen ari dira, Paciosen arabera. “Geroz eta emakume gehiago daude historikoki gizonezkoei eman zaizkien zereginak betetzen, zuzendaritza edo argazki arduradun postuetan, adibidez”.
Hala ere, emakumezkoentzako "protagonista-paper" gehiago behar dira, Berrocalen aburuz. “Pertsonaia gehiago antzezteko aukera izan behar dugu, adin guztietakoak, edertasuna ez delako 40 urte betetzen ditugunean amaitzen”, gogoratu du, “aspertu egiten gaitu neskalagun, ama eta amamak ordezkatzeak, istorioen parte izan nahi dugu”.
Antzeko iritzia du Urresolak: “Gizonezkoak bizitza osoa pasa dute gizadiari buruzko istorioak kontatzen, gizon zein emakumezkoenak, eta ez da inoiz zalantzan jarri euren sinesgarritasuna. Emakumezkoak 'emakumezkoen zinema' soilik egiteko balio dugula dirudi”.
Bide luzea dago egiteke. Hala deritzo Paciosek: “Gauza asko egin behar ditugu oraindik berdintasunera iristeko, eta orduan espero dut gaur egun horren ohikoak diren hitzak -jazarpena, erasoak eta tratu txarrak- entzuteari uztea”.