Argitalpen britainiarrak txakolinaren inguruko artikulua plazaratu du, euskal gastronomia eta ardoak dastatu ostean. Decanter aldizkaria ardozaleen erreferentea da munduan. Izan ere, 1975an sortu zuten eta 2004. urtetik sari banaketa antolatzen du. Otsailaren 3an zabaldutako testuan adierazi dute "beharrezkoa" dela edatea "Astobizaren Malkoa 2015" eta "Goianearen UNO 2015" aurten.
Txema Gotxi lezamarrak kudeatzen du Goianea txakolindegia, eta pozez hartu du aitorpena: "Hori pizgarria da hobetzen jarraitzeko eta proba berriak egiteko". Ardoari buruz, ziurtatu du edozein janarirekin har daitekeela: "bere bolumena eta azidotasuna ondo nahasten da edozein jakirekin".
Gainera, Arabako Jatorrizko Izendapeneko ardoek puntuazio onena eskuratu dute aldizkarian. Laudioko Beldui txakolindegiaren "Atlantisak" ere balorazio ona jaso du.