Iragan ostegunean -otsailak 8- egin zen Aiarako Kuadrillaren bilkura, Laudioko udaletxean. Kuadrillaren aurrekontuaren behin-betiko onarpena gauzatu zen bertan. Abenduan onartu ziren behin-behineko aurrekontuak, eta alegazioak aurkezteko epea ireki zen orduan. Dani Trujillanok hainbat ekarpen egin ditu, eta Kuadrillak horietako bat onartu du: Aurrekontuetako langileen gaineko eranskina txertatzea aurrekontuen dokumentazioan. Gainontzeko arrazoibideek, aldiz, ez dute aurrera egiteko behar beste babes jaso.
PSE-EE eta EAJ alde, OMNIA eta EH Bildu aurka
PSE-EEren eta EAJren aldeko botoekin itxi zen aurrekontuen behin-betiko onarpena. EH Bilduk aurka bozkatu zuen, aurreko bilkurako jarrerari eutsiz.
OMNIAk ere aurka bozkatu zuen. Nerea Gonzalezek azaldu zuen aurrekontuen alde daudela, baina gaineratu zuen ez daudela ados aurrekontuen “behin-betiko” onartzearekin, Trujillanoren alegazioei erantzuteko prozedura amaitua ez dagoela argudiatuta.
Batzarkide berria
Bestalde, ordezkari aldaketa ere egon zen. Izan ere, aurrerantzean Jakin Artarazek hartuko du OMNIA alderdiko Alvaro Barriosek zuen kargua. Hori dela eta, batzarkide berriaren egiazta-gutuna aurkeztu ondoren berrantolatu ziren informazio batzordeak.