“Euskararen unibertsoa eskualdeko bizitzaren erdigunean kokatu arte”. Hitz horiekin itxi zuen Aiaraldea Komunikazio Leihoa elkarteak urte eta erdiz luzatu zen gogoeta. Ordutik hona, paperean idatzitako hizki hutsal horiek gorputza hartu dute, errealitate bihurtu dira, eta elkartearen izaera eta helburuen metamorfosia gertatu da.
Hastapenak
Tertangan jaio zen 2010ean gaur eta hemen, esku artean duzun paperezko hamabostekari hau ekoizten duen Aiaraldea Komunikazio Leihoa elkartea. Eta ordutik hona ezagun egin da eskualdean, izan aiaraldea.eus webguneagatik, izan hamabostekariagatik, zein 8 urtetako historia txiki honetan antolatu, lagundu edo garatu dituen hamaika proiektu eta dinamikengatik.
Euskaradunen erreferentzia bihurtu da, dudarik gabe, baina areago, erdara nagusi den eskualdearen erdigunean ere bere tokia hartu du proiektuak. Ordura arte ez bezala, euskara eta euskaradunak nor bihurtu ditu erdararen plazan, eta hori guztia auzolan erraldoi baten ondorio izan da, ehunka izan baitira urte guzti hauetan proiektua elikatu eta zaindu duten boluntarioak.
Eskualdeko komunikabiderik bisitatuena da Aiaraldea Gaur webgunea, eta emaitza horren adierazgarri da Euskal Herrian euskaraz ekoizten diren tokiko komunikabideetatik seigarren kontsumituena dela; maila nazionalean aritzen direnak aintzat hartuta, bederatzigarrena. Ez da marka txarra, ez, euskararen ezagutza eta erabilera-maila horren baxuak diren eskualdean.
Atzeak erakusten digu, aurrea nola dantzatu
Ordura arte egindako bidea baloratu eta 2020. urtera bitarteko helburuak zehazteko prozesuari ekin zion elkarteak 2016an. “Prozesu luzea izan zen, eguneroko lanari aurre egin eta gogoeta patxadaz egiteko tartea hartzea ez baita erraza” adierazi du Josu Garaio kideak. “Hala ere, eztabaida oso emankorra izan zen, jende askok parte hartu zuen, eta emaitzak norabide berria marraztu zuen” baieztatu du Garaiok.
“Nagusiki erdaraz bizi den eskualde baten berri euskaraz ematen dugu, eta horrek hizkuntzaren normalizazioari ekarpen handia egiten dio, baina horrekin ez da nahikoa”. Hitz horiekin laburbiltzen du Gartzen Garaio proiektuko kideak hausnarketa hark utzitako gakoetako bat.
“Euskarak, bizitzeko, ahal beste tresna behar zituenaren konbentzimenduarekin sortu genuen elkartea 2010. urtean, eta zortzi urte pasa diren honetan, oraindik eta tresna gehiago behar dituela inoiz baino sinistuago gaude”, azaldu du.
Bigarren gako nagusia euskarak jendarteari egin beharreko ekarpenaren ingurukoa izan zen. “Euskarak gizartea egituratzeko modu berri bat ekarri behar du berarekin; justizia sozialean, parekidetasunean, kultur eta identitate aniztasunean, garapen jasangarrian eta ekonomia sozial eraldatzailean oinarritutako jendarte-eredu berri baten ikurra izan behar du” baieztatu du Gartzen Garaiok. Hizkuntzak pertsona eta komunitate bezala garatzeko tresnak behar dituela ondorioztatu zuen elkarteak; “balio eraldatzaile horien arabera bizitzeko tresnek, lan egiteko, jateko, kontsumitzeko, maitatzeko, jolasteko eta amesteko balio behar dute, eta eredu horren gerizpean egituratu behar du jende-komunitate bat, gero eta handiagoa izango dena, gero eta gehiago ahaldunduko dena” zehaztu du Izar Mendigurenek .
Bi gogoeta ardatz horiek gurutzatuta marraztu zen proiektuaren norabide berria: bizitzako esparru guztietan euskaraz eta balio eraldatzaileen arabera egituratuko ziren proiektu berriak sustatuko zituen elkarteak: izan hezkuntzaren esparruan, ekonomiarenean, elikadurarenean, kulturarenean, feminismoarenean... Era berean, ordura arteko komunikazio proiektua eta euskararen normalizaziorako lana indartzeko eta biderkatzeko apustua egin du proiektuak.
Bizitzako esparru guztietan, euskaraz egituratuko diren proiektu eraldatzaileak eraikitzeko faktoria
Elkarte izatetik Irabazi asmorik gabeko Kooperatibara
Erronka ikaragarria dela gogora ekarri du Aitor Aspuru langileak. “Komunikazioaren arloan zortzi urtetan egin dugun bidea beste sei-zazpi lan ildo berrietan garatu behar dugu, arlo bakoitzean sendoak eta egonkorrak izango diren proiektuak, elikadura burujabetzarenean, ekonomia sozial eraldatzailearenean, hezkuntzan, feminismoan...”.
Gogoetak “helburu berriak marraztu zituen bezala, proiektuak baliabide berriak behar zituela ere ondorioztatu genuen” azaldu du Aspuruk.
Esku artean zituzten erronkak garatzeko elkarte izaera ahulegia zela iritzita, proiektuak sustatuko dituen balioekin eta jendarte ereduarekin bat egingo zuen eredua hautatu zuten: irabazi asmorik gabeko Kooperatibarena. Horrela, 2017ko udaberrian elkartea kooperatibara eraldatu zen, eta Aiaraldea Kooperatiba Elkartea eratu zen: bazkide erabiltzailek eta lan bazkideek osatutako irabazi asmorik gabeko enpresa-soziala.
Kooperatibaren balio eta helburuak sozialak direla aitortuta, eta irabazi asmorik gabeko entitatea dela aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzak “gizarte ekimeneko” izendapena eman zion iaz kooperatibari. “Jendarteari egiten diogun ekarpenaren aitortza da izendapena, gurea ez baita ohiko enpresa bat, jarduera eta ondasun guztiak gizartearen mesedegarri diren proiektuetara bideratzen baititugu, komunitatera” adierazi du Txabi Ugalde Kooperatibako presidenteak.
Aiaraldea Ekintzen Faktoria
Lan ildo eta helburuen dibertsifikazioarekin batera, proiektuak marka berri bat behar zuela ondorioztatu zuen Kooperatibak: “proiektu bakoitzak bere identitatea behar du, hedabideak Aiaraldea Gaur eta Hemen ditu, hezkuntza ildoak berea izango du, elikadurarenak ere... eta proiektu orokorra islatzen duena Aiaraldea Ekintzen Faktoria izango da” azaldu du Maialen Ginea marka arduradunak.
Fabrika bat sortu, faktoria bat ekintzak eta proiektuak sustatu, garatu eta indartzeko. Egitasmoak orube berria ezarri du.
750 metro koadro, bizitzeko eta amesteko
Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituaren garapenerako baliabidea izango da Laudioko industrialdean kokatutako egoitza soziala. Faktoria komunitate proiektua eskualde osoan garatzeko tresna integrala izango da, ildo eta zerbitzu berrien aterpe eta epizentro: haur eta familientzako espazioak, ekonomatua, kulturarako oholtza, lantokiak... Obra lanak aurten hasiko dira, eta auzolana eta herritarren ekarpena izango dute oinarri.
Tamainako apustuari neurri berdineko tresnekin aurre egin nahi dio Aiaraldea Ekintzen Faktoriak. Egun kooperatibak dituen 250 bazkideen ekarpen ekonomikoari esker, Laudioko industrialdean kokatutako pabilioia eskuratu du, eta atontzeko lanei ekingo dio udaberritik aurrera. Obra-inbertsioak baina, proiektura batu eta euren ekarpena egingo duten bazkide gehiagoren beharra du.
Erakargarria eta atsegina
Behark arkitektura estudioak diseinatu du proiektua, euskararen komunitatea ahaldundu eta handitzeko egoitza erakargarri, moderno, atsegin, eroso eta erabilera anitzekoa proiektatuta. “Euskarak tresna berriak behar ditu, eta erakargarria izan, zentroan egon, sendo agertu jendaurrean” azaldu du Josu Garaio kooperatibako kideak. Diseinatutako proiektuak helburu horiek betetzen dituela uste du Garaiok.
Lau ardatz nagusi
Euskararen eskualdeko etxea izango denak 750 metro koadroko espazioa aterpetuko du bi solairutan. Kooperatibaren ildo sozial guztiek euren isla izango duten arren, hasieran lau jarduerek hartu dute zentralitatea Faktorian.
Batetik, hedabidearen egoitza publikoa izango da. Komunikabideko langile eta boluntarioen lantokia izateaz gainera, hedabidearen jarduera publikoak garatzeko erabilera anitzeko aretoak izango ditu; elkarrizketa parte hartzaileak egin, hitzaldiak eta mahai-inguruak antolatu, ikus-entzunezkoen ekoizpena handitu... “Komunikabide herritar eta komunitarioan urrats bat gehiago eman nahi dugu, eta alde biko komunikazio eremuak ugaritu” azaldu du Izar Mendiguren hedabideko zuzendariak.
Hedabidearen jardun publikoari oso lotuta, kultur sorkuntzarako plaza ere izango da Faktoria. Ikuskizun txiki zein handiagoetarako oholtza izateaz gainera, kultur sorkuntza euskaraz sustatuko duen espazioa izango da; trebakuntzarako, hausnarketarako zein entseguetarako lekua.
Hirugarren ardatza hezkuntzarena izango da, haur, guraso zein hezitzaileen hazkuntzarako gune izango da Faktoria. Haurren garapena eta sormena sustatzeko espazioak egokituko dira horretarako, eta helburu horrekin programatuko dira jarduerak ere: izan txikiei zuzendutakoak zein familian gozatzekoak. “Adin ezberdinetako haur, gazte zein helduen topalekua izango da, eta elkarrekin haziko gara pertsona eta komunitate bezala” zehaztu du Aritz Lili hezkuntza proiektuko dinamizatzaileak.
Laugarren ardatza elikadurari lotutakoa da, tokikoak eta ekologikoak diren elikagaiak eskuratzeko ekonomatu zerbitzua emango baitu Kooperatibak bertan. Dendarako azpiegituraz gainera, sukaldea ere izango du faktoriak, garaian garaikoak eta tokikoak diren produktuen transformazioa eta kontsumoa ahalbidetzeaz gainera, nutrizioa zein bestelako formazio jarduerak ere landu ahal izateko. “Elikadura burujabetza eta agroekologia eskualdean sustatzeko tresna izango da, tokiko ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko topagunea” azaldu du Elikadura Burujabetzako lantaldeko Marijo Imazek.
Feminismoa eta aniztasuna
Euskararen etxea izango den hein berdinean izango da Faktoria emakumeen etxea. Emakumeen ahalduntzea eta ikusgarritasuna sustatuko du bere jarduera guztietan, eta eskualdean feminismoa lantzeko azpiegitura irekia izango da. Era berean, Aiaraldean bizi dugun aberastasun kulturalaren aterpe eta islada izan nahi du Faktoriak, euskara izan dadin kulturen arteko zubi nagusia.