Martxoaren 3tik martxoaren 18ra luzatuko da 2018ko Aiarako Bira. Kadete mailako eskualdeko frogarik garrantzitsuena da eta kategoria horretako denboraldiaren hasiera markatzen du. Aurtengoa biraren 29. edizioa izango da.
Elkarteak elkarlanean
Amurrio, Okondo, Aiara, Laudio eta Artziniegako txirrindulari elkarteek elkarlanean antolatu dute bira. Antolatzaileak “oso pozik” azaldu dira eskualdeko talde guztiak batzeko aukera izateagatik.
Iaz bezala, aurtengo edizioak ere bost lasterketa izango ditu, elkarte bakoitzak bat antolatzeko ardura izango du eta azpiegitura elkarlanean kudeatuko dute. Gauzak horrela, martxoaren 3an hasiko da 2018ko Aiarako Bira Laudioko lasterketarekin. Gainontzeko datak hurrengoak dira: Martxoak 4 Amurrio, martxoak 10 Artziniega eta martxoak 17 Arespalditza. Martxoaren 18an bukatuko da bira, Okondoko frogan.
Aurreikuspenak onak dira, 140 parte-hartzaile baino gehiago espero dituzte. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroatik etorriko dira taldeak. Euskal Herritik kanpoko ordezkaritzak ere izango dira bertan, Zaragoza eta Valladolideko bi taldek asistentzia konfirmatu baitute.
Aiaraldeko ordezkaritza
Kadete mailan Aiara Txirrindula Elkarteko Opticas-Luyando Ganzedo taldea da eskualdeko ordezkaritza bakarra. Aurreko edizioan taldekako sailkapen nagusian lehenengo postua eskuratu zuen talde aiararrak. Antolakuntzatik oso baikor agertu dira Aiarako txirrindulari gazteen ekarpenarekiko.