Industriaguneak toki lasaiak izan ohi dira asteburuetan. Iragan larunbat eta igandean, aldiz, bizitasun nabaria sumatzen zen Laudioko industriaguneko eraikinen artean. Jende andana bertaratu zen industriagune horretako 4-8 pabilioira, Aiaraldeko I. Azoka Sozialaz gozatzera.
Egitarau oparoa prestatu zuen Aiaraldea Ekintzen Faktoriak azokaren bi egunetarako. Larunbatean tokiko ekoizleen eta proiektu eraldatzaileen postuek hartu zuten pabilioia. Herritarrek aukera izan zuten ekoizleekin zueneko harremana egin eta bizi zein kontsumitzeko alternatiben berri lehen eskutik jasotzeko. Banku etikoak, moneta sozialak, etxebizitza komunitarioak, kooperatibismoa, elikadura zein energia burujabetza... makina bat egitasmo plazaratu ziren, hamar minutuko aurkezpen laburren bidez.
Soilik elikagai ekologikoeki eginiko herri bazkariaren ostean eman zitzaion jarraipena programari, Urduñako trantsizio agroekologikoari buruzko dokumentalarekin eta elikadura burujabetza eta ekonomia sozial eraldatzailea hizpide izan zituen mahai-inguruekin. Bukatzeko, eskualdeko musikariek itxi zuten lehen eguneko egitaraua. Andrea Ulloa, Igor Arzuaga, Egoitz Uriarte eta Igon Olaguenaga igo ziren oholtzara.
Igandean truke azoka izan zen ekintza nagusia. Dozenaka lagun bertaratu ziren etxetik hartutako gauzekin, egitasmoan parte hartzeko prest. Umeentzako jolasek, arropa birziklapen tailerrak eta energia berriztagarriei buruzko saioak aberastu zuten egitaraua, goizeko azken ordura arte luzatu zena.
Balorazio positiboa
Antolatzaileak “oso pozik” daude azokak izan duen harrerarekin. “Ez genuen horrenbeste jende espero, ehunka lagun bertaratu dira, eskualdetik zein kanpotik”, azaldu du Gartzen Garaiok.
Aiaraldea Ekintzen Faktoriako kidearen esanetan, harrera positiboa izan du ere azokarako sortutako moneta sozialak -Aikoa-: “Ematen zen aiko kopurua jendearen errenta-mailaren araberakoa zen, eta herritarrek begi onez ikusi zuten ekimena”.
Hala ere, Garaiok azpimarratu du azoka “abiapuntua” baino ez dela izan. “Datozen hilabeteetan garatuko dugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren jarduna, horretarako sortutako lan-taldeen bidez”. Inspirazio iturri gisa izango dituzte azokan aurkeztu diren proiektu eraldatzaileak.
Faktoriaren ateak, beraz, irekita jarraitzen du, eskualdera indar, gogo eta ilusio berriak sartu daitezen.