LH 6. mailako kanpo ebaluazioa egiten ari dira Latiorro eta Lucas Reyn, Aresketan planto egin diote

Txabi Alvarado Bañares 2018ko mar. 5a, 20:23

Ostiralean egin zuten agerraldia Aiaraldeko Gure Hezkuntza plataformako kideek. / Aiaraldea.eus

Gaur goizean hasi dira Hezkuntza Sailak ezarritako azterketa hori egiten Latiorro eta Lucas Rey ikastetxeetan eta bihar amaituko dute. Aresketa Ikastolako familiek, aldiz, planto egin diote Lehen Hezkuntzako 6. mailako ebaluazioari. 

Eskualdeko hiru hezkuntza zentro hautatu ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Lehen Hezkuntzako 6. mailako ziklo amaierako kanpo ebaluazioa egiteko: Latiorro, Lucas Rey eta Aresketa.

Lehenengo bietan gaur hasi dira azterketak egiten, eta bihar amaituko dituzte. Hala ere, guraso ugari mobilizatu dira proba horri planto egiteko. Latiorron oso agerikoa izan da aurkako jarrera, oso ume gutxi joan baitira klasera.

"Guraso ugari mobilizatu dira probari planto egiteko eta Latiorron oso ume gutxi joan dira klasera"

Aresketa Ikastolan, aldiz, familia guztiek egin diote planto Hezkuntza Sailaren planteamenduari. Eusko Jaurlaritzari helarazi zioten ez zutela azterketa egingo eta honek ikuskari bat bidaliko zuela erantzun zien. Azken momentuan, baina, bertan behera utzi dute ikuskariaren bisita.

Apirila-maiatzean, aldiz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailan egingo dute kanpo ebaluazio froga. Eskualdeko hainbat ikastetxe hautatu ditu Hezkuntza Sailak horretarako: Zaraobe Institutua, Laudio Institutua eta Laudio Ikastola, besteak beste.

“Azken unean”
Proba horien guztien aurrean planto egiteko deia luzatu dute eskualdeko hezkuntza eragileek. Aiaraldeko Gure Hezkuntza plataformak agerraldia egin zuen iragan ostiralean horretarako. “Azken uneko gauza izaten ari da dena”, azaldu du plataformako kidea den Toño Valles Ruizek, “duela bi hilabete ez genekien ezer ere ez, eta jakin badakigu Hezkuntza Saileko teknikariek ere ez zituztela horrelako erabakiak espero”.

Pauso asko “sekretupean” ematen ari dira, Laudio Institutuko irakaslearen esanetan: “PISA azterketa, adibidez, Laudioko Institutuan egingo da, baina probaren egunera arte ez dugu jakingo zein ikasleri egokituko zaion egitea. Hori sekretismoa ez bada ez dakit nik zer den”.

Horregatik, barkamenak eskatu nahi izan dizkie gurasoei, “jakin badakigun arren ez dela gure errua izan lehenago mugitzen hasi ez izana”.

 

Apirila-maiatzean DBH 4. mailan egingo dute kanpo ebaluazio froga. Eskualdeko hainbat ikastetxe hautatu ditu Hezkuntza Sailak horretarako: Zaraobe Institutua, Laudio Institutua eta Laudio Ikastola, besteak beste

 

Ana Garcia Diezek “kezkaz” bizi du egoera. Bi seme-alaba ditu: 5 urteko gelan dago bata eta Lehen Hezkuntzako 3. mailan bestea. “Askotan esaten dute Hezkuntza Sailetik ebaluazio hezitzailea martxan jarri nahi dutela. Planteatzen dituzten probak, baina, ez zaizkit hezitzaileak iruditzen. Oztopoz beteriko ibilbidea ikusten dugu gure seme-alabentzat eta ez dugu uste hori izan behar denik hezkuntzaren helburua”, azaldu du plataformako kidea den gurasoak, “badakigu azterketa horiek LOMCEtik datozela. Momentuz ez dute eraginik izango espedientean. Baina noiz arte?”.

LOMCEren itzala

Hori da Garciaren kezka: “PP parlamentuan nagusitzen bada berriz ezarri dezake LOMCE, eta hemen Heziberrirekin horrelako frogak egiteko 'ohitura hartua' badugu errazagoa izango da plana inposatzea”.

Vallesek gaineratu du orain arte “curriculumen bidez” egin dituztela ebaluazioak. “Konpetentzien eta gaitasunen araberako ebaluazioa da orain ezartzen zaiguna, baina ez digute hori gauzatzeko baliabiderik eman. Sekulako anabasa dago”.

PISA azterketa, aldiz, “merkatalgoaren interesei” erantzuten die, irakaslearen hitzetan. “Badirudi aurrerantzean bi hezkuntza sistema egongo direla: prekarioa eta oztopoz betetakoa bata, eta apur bat onuragarriagoa, baina dirua dutenei soilik zuzendua bestea”.

"Azken urteetako krisirik larriena"
Hezkuntza sistema “azken hamarkadetako krisirik larriena” bizitzen ari dela uste du Vallesek, eta nabarmendu du gaur egungo eredua “errotik” aldatu behar dela, “partxeak jartzen” ibili ordez: “gizarte honetan aritzeko gaitasun nahikoak izango dituzten pertsonak nahi baditugu beste modu batean hezi beharko ditugu”.

Planto egiteko deia
Hori dela medio luzatu dute planto egiteko deia hezkuntza plataforman dauden gurasoek, irakasleek eta ikasleek. “Gurasoei dei egiten diegu informatzeko, eztabaidatzeko eta, azkenik, nahi duten erabakia hartzeko”, azaldu du Vallesek. Horrez gain, azpimarratu du eurek plantoaren aldeko jarrera hartuko dutela: “Botere morala dugu guk ere planto egin eta enfrentamenduzko jarrera bat hartzeko”. Eusko Jaurlaritzari zuzendu zaio irakasle laudioarra: “Ikastetxeen autonomian sinesten badu azterketa egin edo ez egiteko eskumena eman beharko liguke”.

Ikasleak ere prest
Aste honetan egiten ari dira Lehen Hezkuntzako 6. mailako kanpo ebaluazioak EAEko hainbat ikastetxetan. Apiril-maiatza aldera etorriko da bigarren azterketa-olatua: DBH 4. mailako froga eta PISA txostena osatzeko azterketak.

Aiaraldean ikasle ugari hasi dira antolatzen azterketa horien aurka. Duela bi aste aurkeztu zen eskualdean xede hori duen Ikasleok Zorrotz dinamika.

“Ikasleak ez dira kontziente LOMCEk euren etorkizunean izango duen eraginaz”, azaldu du egitasmo horretan murgildua dagoen eta DBH 4.mailako ikaslea den Gretel Pasandin Sanchezek. Horregatik, ikasleak informatzea da egingo duten lehen gauza. Bilera-irekiak egiten ari dira horretarako. Gaur arratsaldean egin dute lehena, Laudion. Amurrion egingo dute bigarrena, asteazkenean -martxoak 7- 18:00etan Kultur Etxean.

Gurasoekiko “beldurra” dagoela aipatu du Pasandinek: “Ikasle askok diote gurasoek azterketa egitera bultzatuko dituztela”. Baina planto jarrera hartzera animatu ditu ikaskideak: “Guztioi eragiten digu egoerak. Gure aldetik prest gaude informazioa eman eta behar den horretan laguntzeko”.

Ikasle orozkoarrak gogora ekarri du Amurrioko Zaraobe Institutuan iaz eginiko plantoa: “Proba bat baino ez zen izan, ez zen kontuan hartzen notarako. Baina, hala ere, jende asko inplikatu zen eta oso ondo atera zen ekimena”.

Borroka eguna 13an
Gauzak hala, aurten ere iazkoaren pareko erantzuna antolatzea izango dute helburu. Maiatzaren 13an egingo dute lehen ekimena: Borroka eguna. Eskualdeko ikasle guztiei luzatu diete parte hartzeko deia. “Azterketa horiek gure etorkizun hurbila baldintzatuko dute guztiz, zenbakiak izango bagina bezala”.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide