Espainiako Gobernuak jakinarazi du aurrera egin duela Nerbioigoienako Saneamendu Planak, ingurumen-inpaktuaren adierazpenari dagokionez. Prozedura hori bete bada ere, jarraibide gehiago falta dira oraindik 80 milioi euro inguruko inbertsioa gauzatu arte. Diru hori guztia Ingurumen Ministerioak jarri beharko du.
Printzipioz, aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena jaso dute hurrengo egitasmoek:
- Markixanako araztegia: Amurrio eta Aiarako urak tratatuko ditu. 18,8 milioi euroko aurrekontua dauka.
- Basaurbeko araztegia: Orozko eta Laudioko urak hartuko ditu bere gain. Eraikitzeko inbertsioa 18,4 milioi eurokoa da.
- Markixanako kolektore sistema: Saratxoko eta Iparraldeko industriaguneko urak jasoko ditu, baita udalerriko isurketak ere. Bestalde, beste sistema batek Murgako industriaguneko urak hartuko ditu. Luiaondok ere kolektorea izango du, ponpa sistemaz urak araztegira bidaltzeko.
- Basaurbeko kolektore sistema: Laudioko eta Orozko Araneko urak jasoko ditu, Altube ibaitik.