Sindikatuek ikastetxeen ohiko jarduera irauliko dute Eusko Jaurlaritzako murrizketa politikak salatzeko. Azpimarratu dutenez, krisialdia aitzakiatzat hartuta milaka familia baztertuta eta segregazioan daude, "eredu neoliberalaren ondorioz".
"LAB, ELA eta STEILAS sindikatuontzat hezkuntza publikoko langileon lan baldintzak eta berdintasunean eta kalitatean oinarrituriko hezkuntza publikoa txanpon beraren aldeak dira", erantsi dute.
Ikastetxe gehienetan eragin handia izango dute grebek
Berez, irakaskuntzako zentro publiko askok aurreikusi dute grebak partaidetza handia izango duela. Amurrioko Zabalekon eta Arrankudiagan irakasle guztiak batuko dira lanuztera.
Urduñan eta Orozkon %90ak parte hartuko du protestan. Okondon irakasle bakarra salbu, gainerako guztiek utziko diote lan egiteari egun batean, bestean edo bietan. Etxaurrenen eragin oso handia izango dute deialdiek eta, berez, ostegunean gutxiengo zerbitzuak besterik ez dituzte eskainiko. Hau da, zuzendaria eta atezaina joango dira bakarrik lanera.
Laudioko Lamuza eta Aretako Fabian Legorburu eskoletan eragin garrantzitsua izango dute plantoek, eta Amurrioko Lukas Reyn irakasleen %72 geldituko da. Gainera, ez dute baztertzen gehiagok bat egitea deialdiarekin.
Artziniegako Arteko Gure Aman zenbait irakaslek utziko diote lan egiteari, baina jantokiak zerbitzu arrunta emango du. Laudioko Latiorro eta Amurrioko Zaraobe zentroekin ere jarri da harremanetan hedabidea, baina ez dakite zehazki zenbat irakasle gehituko diren sindikatuen protestara.
Haur Hezkuntzan batasun falta
Esparru publikoaren beste eremuetan ez bezala, ELA, STEILAS eta LAB sindikatuek ez dute adostasunik lortu Haur Hezkuntzan. Izan ere, LABek akordioa sinatu du Eusko Jaurlaritzarekin; eta bertan behera utzi du deialdia. STEILASek eta ELAk, ordea, ez dute onartu erakundearen eskaintza; hortaz, mobilizazioei eutsiko diete.