Ikastetxeen grebak eragin handia izango du eskualdean

Erredakzioa 2018ko mar. 13a, 14:24

Irakasleek hartuko dute protestaren lekukoa hezkuntzan bihar eta etzi.

Ikastetxe publikoetan ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek greba deitu dute bihar eta etzirako. Dozena erdi zentrok iragarri dute erabatekoa izango dela lanuzteen jarraipena eta gehienetan eragin oso nabarmena aurreikusi dute.

Sindikatuek ikastetxeen ohiko jarduera irauliko dute Eusko Jaurlaritzako murrizketa politikak salatzeko. Azpimarratu dutenez, krisialdia aitzakiatzat hartuta milaka familia baztertuta eta segregazioan daude, "eredu neoliberalaren ondorioz".

"LAB, ELA eta STEILAS sindikatuontzat hezkuntza publikoko langileon lan baldintzak eta berdintasunean eta kalitatean oinarrituriko hezkuntza publikoa txanpon beraren aldeak dira", erantsi dute.

Ikastetxe gehienetan eragin handia izango dute grebek
Berez, irakaskuntzako zentro publiko askok aurreikusi dute grebak partaidetza handia izango duela. Amurrioko Zabalekon eta Arrankudiagan irakasle guztiak batuko dira lanuztera.

Urduñan eta Orozkon %90ak parte hartuko du protestan. Okondon irakasle bakarra salbu, gainerako guztiek utziko diote lan egiteari egun batean, bestean edo bietan. Etxaurrenen eragin oso handia izango dute deialdiek eta, berez, ostegunean gutxiengo zerbitzuak besterik ez dituzte eskainiko. Hau da, zuzendaria eta atezaina joango dira bakarrik lanera.

Laudioko Lamuza eta Aretako Fabian Legorburu eskoletan eragin garrantzitsua izango dute plantoek, eta Amurrioko Lukas Reyn irakasleen %72 geldituko da. Gainera, ez dute baztertzen gehiagok bat egitea deialdiarekin.

Artziniegako Arteko Gure Aman zenbait irakaslek utziko diote lan egiteari, baina jantokiak zerbitzu arrunta emango du. Laudioko Latiorro eta Amurrioko Zaraobe zentroekin ere jarri da harremanetan hedabidea, baina ez dakite zehazki zenbat irakasle gehituko diren sindikatuen protestara.

Haur Hezkuntzan batasun falta
Esparru publikoaren beste eremuetan ez bezala, ELA, STEILAS eta LAB sindikatuek ez dute adostasunik lortu Haur Hezkuntzan. Izan ere, LABek akordioa sinatu du Eusko Jaurlaritzarekin; eta bertan behera utzi du deialdia. STEILASek eta ELAk, ordea, ez dute onartu erakundearen eskaintza; hortaz, mobilizazioei eutsiko diete.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide