Martxoaren 21ean estreinatuko duzue Los últimos pastores de Sierra Sálvada dokumentala, zer nolako sentsazioak dituzu egindako lanaren inguruan?
Uste dut mimo handiz egin duela profesional talde batek, euren artean eta baita proiektuaren espiritua ere ondo ulertuta. Zentzu horretan, poztasun osoa eragiten dit. Pertsonalki, estreinaldiaren aurreko egunak bizitzen ari naiz proiektuaren diseinua, errodajea eta muntaia bizi izan nituen bezala; emozio handiz. Lan oso berezia da eta sentsazio ugari batzen dira. Aiara ariman daramat eta Gorobel mendilerroa Aiararen zati bat da. Beraz, lehenik eta behin, emozioa sentitzen dut.
Zer topatuko du ikusleak dokumentalean?
Publikoak topo egingo du dokumental batekin bere helburua dena abeltzaintzari buruzko irudi zabala eskaintzea, ogibideak duela milaka urte izan zuen jatorria birpasatuta, baina zentratuta XX. mendeko azken hamarkadetan eta oraingo unean. Oso zabala da landutako gai-sorta.Helburu nagusiak dira abeltzaintzaren mundua Gorobel mendilerroan ondo islatzea eta artzainak eta familiak diren horretaz harro sentitzea, bere ekarpena dela eta ogibide zahar eta euskaldunen historian eta, jakina, bere partaidetzagatik proiektuan.
Zer izan da ezustea zuretzat eta zer nolako kutsua utzi dizu lanak?
Ezustean harrapatu ninduen... Liluratu ninduen gizonezko adinduen bizitasunak, Pepín Elejalderena, kasu. Ez zen erraza izan euren atzetik joatea mendilerrotik. Harritu ninduen ere euren pentsaerak eta arrazoitzeko moduak. Batzuetan erakusten dute logika oso sinple eta jakintsua, eta horrek jokoz kanpo uzten zaitu. Txunditu ninduen leku eta egoera batera egokitzeko daukaten gaitasuna. Juanjo Hidalgok esan bezala: “Beste osagai batekin egindako jendea da”.
Biziki harrituta geratu nintzen ikustean artzainek eta abeltzaintzak lortu dutela bizirautea euren familien lanari esker; bereziki, emakumeen lanari esker. Emakumerik gabe, abeltzaintza ez litzateke gaur egun arte helduko.
Norekin egon zarete harremanetan hau guztia islatzeko?
Bi ildo izan ditugu ahotsa eta lekukotzak eransteko dokumentalari: artzainak eta familiak batetik eta teknikariak bestetik -hau da, historialariak, etnografoak, biologoak eta parte hartu duten gainerako adituak-. Bi blokeen ikuspegiak ahalbidetu du nahi genuen narrazioa osatzea.
Gauza askok txunditu naute. Zenbait unetan zur eta lur geratzen nintzen hainbat arrazonamendu, pasadizo edo espero ez nuen informazioren aurrean. Zerbait nabarmendu beharko banu izango litzateke artzainen bizitzaren gogortasuna Land-Roverrak heldu baino lehen, eta etxolen modernizazioa egin baino lehen. Hotza pairatzen zuten, oinarrizko elikadurarekin soilik, gau luzeen bakardadea... heroien aurrean geundela ematen zuen.
Bazenekien zer kontatu nahi zenuen eta lekukotzek jarraitu dute ideia hori, edo aurreiritziak apurtu dizkizute?
Errodajearen aurretik dokumentazio lana eta lekuak bilatzeko jardunaldiak egin genituen. Hori da gutxiengoa dokumentala egiterakoan eta, are gehiago, horrelako batean.
Bi lanetan ezinbestekoa izan zen Salvagoro elkartearen laguntza, Enrique Arberasetik hasita. Informazio horrekin errodaje gidoia prestatu zen. bideratuta lekukotza jakinak eskuratzera. Eskemak apurtu dizkidate behin baino gehiagotan, baina errespetatu dut; ikuspegi mamitsuak eskaini ez ezik, inprobisaziorako tartea uztea gogoko dut. Dokumentalean oso ondo islatuko da abeltzaintzaren arima. Izan ere, eurek marraztu dute ezin hobeto, euren lekukotzekin.
Udan grabatu zenuten Gorobelen. Nolakoa izan zen esperientzia?
Talde osoarentzat egun horiek esperientzia ahaztezina izan dira. Zorte handia izan genuen eguraldiarekin eta errodajea aurreikusi bezala egin zen. Salvagorok luxuzko logistika eskaini zigun, elkarrizketatuek lagundu zuten erabat eta bazkariak, afariak eta ordu pilo partekatu genituen protagonistekin, artzainekin, alegia.
Jardunaldi luzeak, biziak, nekagarriak, baina atseginak. Asko ikasi eta gozatu genuen. Lan mota hauek erritmo ezberdinak eskatzen dituzte eta hori da erakargarria. Esparru honetan lan egiten dugunok ez genuke jakingo nola bizi haustura horiek gabe, berritasun edo aniztasun hori gabe. Nire kasuan, Madrilen bizi naizenez, datak ondo hautatu behar genituen, baina koordinazioa bikaina izan zen.
Haustura izan da lan hau nire bizitzan. Mugarria izaten ari da, aldatzen, irakasten eta aberasten zaituena. Asko eskertzen dut proiektua nire bidean gurutzatu izana. Horregatik, beti eskertuko diot Enrique Arberasi ni hautatzea proiektua gauzatzeko.