Aurreko astean sinatu zuen lan-hitzarmena Tubacexeko langile ordezkaritzaren gehiengoak -ELA, CCOO eta Independenteak-. Sinatutako akordioa 2020. urterarte egongo da indarrean Tubacex enpresak Aiaraldean dituen bi fabriketan.
LAB, USO eta STAT sindikatuek oharra argitaratu dute sinatutako hitzarmenaren aurka azalduz. Lan-hitzarmena sinatzeko prozeduran egondako irregulartasunak jarri dituzte mahai gainean. Hiru sindikatuen hitzetan, enpresak, hilabetetako utzikeriaren ostean, presa izan du azken hilabetean, apirilaren aurretik hitzarmena sinatzeko. Hain zuzen ere apirilean aurkezten dira 2018ko hiruhilekoaren datu ekonomikoak. Bide horretan ELA eta CCOO sindikatuek zuzendaritzaren mesedetara jokatu izana salatu dute, ezinbestekotzat jotzen zituzten hainbat puntu eta proposamen hitzarmenetik kanpo utziz.
Batzar orokorra eta bozkaketa
Zuzendaritzarekin hitzarmena sinatu ostean beharginen batzar-orokorra egingo dute asteazkenean eta sinatutakoaren nondik norakoak azalduko dituzte bertan. Ostegunean bozkatuko da akordioa. LAB, USO eta STATentzat ulergaitza da prozedura hori eta ezezko botoa eskatu diete langileei. Hitzarmenaren aurka azaldu diren sindikatuen helburua da berriz mahai gainean jartzea negoziatu nahi izan ez diren puntuak.