Aste Santuko zubian Aiaraldean geratuko zara eta ez dakizu zer egin? Lasai, eskualdea ez baita (guztiz) hilik egongo egun hauetan. Ohikoan baino agenda-deialdi gutxiago dauden arren, badaude egun hauetan kanpora joan gabe egin daitezkeen hainbat jarduera.
KONTZERTUAK
Orbeko Etxeko kideak ez dira oso erlijiosoak, eta ez dute atsedenik hartuko Aste Santuan. Ostegun santu honetan azken orduan lotutako kontzertua egongo da Laudioko Gardea auzoko baserri okupatuan. Lucky Malice eta Heksa punk taldeek joko dute, Estatu Espainiarreko punta batetik bestera egiten ari diren “Bloodmoon” biraren barruan. 21:00etan izango da zita.
Larunbatean, aldiz, lau talde igoko dira Orbekoko oholtzara: Gloom Sleeper (Post-punka Alemaniatik), Arrotzak (Emo/Punk Rocka Donostiatik), Sota Terra (Cruts/Punk Reusetik) eta Tempestat (Crust Bartzelonatik). 20:30ean hasiko da zarata-maratoia.
Igandean, aldiz, noise iluntzea egongo da baserri okupatuan, Erresuna Batuko bi talderekin: Blacklisters eta Usa Nails. 19:00etan izango da zita.
ZINEMA
Zinemara joatea ere izan daiteke zubi honetarako plan ona, are gehiago eguraldi kaskarra iragarrita dagoela kontuan hartuta. El hijo del Bigfoot, 120 pulsaciones por minuto, La tribu eta Sin Rodeos filmak ikusteko parada egongo da Laudioalde ikastetxeko aretoan. Ikusi hemen emanaldi guztien ordutegi eta xehetasunak.
PROZESIOAK
Prozesio kristauak izango dira zubi honetan kalean jende gehien bilduko duten ekitaldiak. Norberaren sinesmenengatik ez ezik, duten balio antropologikoagatik ere ikusi daitezke. Hemen kontsultatu daitezke eskualdean dauden mota horretako zitak.