"Feminismoa Aiaraldean" jardunaldia antolatuko du Aiaraldea Ekintzen Faktoriak datorren larunbatean; hots, apirilaren 14an. Laudioko Kultura Etxea izango dute emakumeen topaleku, emakume talde zein norbanako orori zabaldu diote parte hartzeko deia.
10:30ean hasiko da saioa, "Feminismoa Aiaraldean" gogoeta kolektiboarekin. Hala, Urduñan, Amurrion, Orozkon, Okondon, Artziniegan, Arrankudiaga-Zollon, Laudion eta Aiaran emakume elkarteek egindako bidea ezagutaraziko dute. "Azterketa bat egin dugu. Datuetatik diagnostikoa egitea izango da lehen pausoa, ondoren aurrera begirako helburuak eta erronkak zeintzuk izan behar diren zehazteko", adierazi dute. 11:45ean izango da hori, "Etorkizuna marrazten, hitzetatik ekintzetara" izenburudun solasaldian.
Jardunaldia ez da mistoa izango: "Emakumeon iritzi eta kezkak konpartitzeko topaketa izango da, etorkizuna elkarrekin marrazteko abiapuntua". Hori dela eta, zaintza gunea eskainiko dute haurrentzat. Zerbitzua erabiltzeko ostirala baino lehen bidali beharko da mezua feminismoa@aiaraldea.eus helbidera.
Topaketa feministen aurkezpena
Era berean, udako solstizioaren inguruan, Aiaraldeko topaketa feministak gauzatzeko asmoaren berri eman dute. Larunbat eguerdian egingo dute aurkezpena, 13:00etan. Aurerago emango dituzte egitarauari buruzko xehetasunak.