Handia izango da PISAren eragina Aiaraldean, Hezkuntza Sailak eskualdeko lau ikastetxeetan baitu azterketa hori egiteko asmoa: Urduñako Antzinako Andra Mari ikastetxean, Laudio Ikastolan, Laudio Institutuan eta Zaraobe Institutuan. Azken hiruretan planto dinamika abiatu dituzte dagoeneko.
Ikasleok Zorrotz dinamikako kideek asteak daramatzate ikastetxez ikastetxe hitzaldiak eskaintzen, plantoaren arrazoiak azaltzeko.
Ostegunean izango dute lehen erronka, egun horretan egingo baita azterketa Laudio Institutuan. “Oraindik ez dakigu beste ikastetxeetan noiz egingo den. Zaraoben asteartean izango zela uste genuen, baina azkenean ez zen egin”, adierazi dute ikasle eragileko kideek.
Greba deialdia
2002. urtean jaiotako 53 ikaslek egin beharko dute azterketa ikastetxe bakoitzean. Hori dela eta, ostegunean greba egiteko deia luzatu diete Laudio Institutuko DBH 3. eta 4. mailako ikasleei. Mobilizazioa egingo dute eguerdian, planto deia herritik zabaltzeko.
DBH 4. mailako azterketa, maiatzean
Hezkuntza Sailak berriz bisitatuko ditu PISArako hautatuak izan diren ikastetxeak maiatzean. Beste azterketa bat egin beharko dute orduan: DBH 4. mailako ebaluazio diagnostikoa. Horri ere planto egiteko deia luzatu dute Ikasleok Zorrotzek eta Aiaraldeko Gure Hezkuntza Plataformak.
Ikasle Abertzaleakek, asanblada irekia
Aiaraldeko Ikasle Abertzaleak antolakundeak, bere aldetik, bilera irekia deitu du biharko -apirilaren 18an- Laudioko Gaztetxean 18:00etan, "planto sakon bat" prestatzeko. "Ikasleok kolektiboki erantzuna ematea beharrezkoa dela ikusi dugu", adierazi dute sare sozialen bidez zabaldutako gonbidapenean.