Gure Esku Dagok egun osoko jarduera izan du gaur Aiaraldeko 6 herritan hurrengo galdera erantzuteko: “Nahi duzu gure geroa erabakitzeko eskubidea erabili, muga bakarra Euskal Herriko herritarron borondate aske eta demokratikoa izanik?”. Horrela, Amurrio, Okondo, Aiara, Artziniega, Laudio eta Arakaldon deitutako herritarren %16,86k eman du bozka, 4.847k, hain zuzen.
Zehazki, bozken kopurua hurrengoa izan da:
- Arakaldo: Parte hartzea %25,60 (32 boto); baiezkoak 32.
- Okondo: Parte hartzea %27,41 (264 boto), baiezkoak 257, ezezkoak 5, zuriak 2.
- Artziniega: Parte hartzea %19,53 (289 boto); baiezkoak 274, ezezkoak 3, baliogabeak 1, zuriak 11.
- Aiara: Parte hartzea %18,84 (449 boto), baiezkoak 428, ezezkoak 5, zuriak 14, baliogabeak 2.
- Amurrio: Parte hartzea %17,01 (1.485 boto); baiezkoak 1.442, ezezkoak 20, zuriak 13, baliogabeak 10.
- Laudio: Parte hartzea %14,65 (2.328 boto); baiezkoak 2.275; ezezkoak 32, zuriak 14, baliogabeak 7.
Lan hurbilaren ondorioak udalerri txikietan
Balorazioa anitza izan daiteke, baina nabaria da plebiszituak arrakasta gehiago izan duela herri txikietan. Han jasotako bozka kopurua nabarmen handiagoa izan da udalerri nagusiekin alderatuta. Bitxia da herri horietan galdeketa girotzeko ekintza publikoak oso urriak izan direla.
Aldiz, plataformako kideen lana herri txikietan oso ikusgarria ez izan arren, etengabekoa eta oso gertukoa izan da. Horrela, emaitza on horien gakoa etxez etxeko eta atez ateko lanean egon da; errazagoa izan da bozkatzeko gogoa kutsatzea eta partaidetza sustatzea baserriak eta etxeak bisitatuta.
Okondon mahai bakarra jarri dute eta herritarren %27,41ak eman du bere iritzia. Arakaldon %25,60koa izan da partaidetza.
Txikitasunaren balioaren isla izan da Aiara. Arespalditzan eta Lantenon -eta inguruko Administrazio Batzarretan- auzokide batzuek eman diete galdeketaren berri besteei eta egitasmoaren nondik norakoak hobeto azaldu ez ezik, hurbiltasuna ere bultzatu dute.
Luiaondok, aldiz, udalerri bera izan arren, bestelako ezaugarriak ditu; azken urteotan jende andana joan da hara eraikuntza berriko etxebizitzetara, eta herri izaera ez dago hain ehunduta. Zenbakitan horren guztiaren harreman zuzena azaleratu da; Luiaondok Aiarako herritarren %50 biltzen badu ere, 105 boza besterik ez ditu jaso bere mahaian. Ordea, Lantenon 103 boto-txartel izan dituzte eta Arespalditzan 241.
Baiezkoa nagusi
Aurreikusi bezala, boto-txartel ia orok baiezkoa adierazi dute galderaren aurrean. Izan ere, lotesle edo legezkoak ez diren galdeketa gehienetan bozkatzea plebiszitua bera babestea da. Nekez egituratzen da aurkako iritzia boto-txartelen bitartez. Berez, kontrakotasuna edo ezaxola galdeketan parte hartzeari uko eginda islatzen da.
Balizko sektore politiko interesdunak ez dira mobilizatu
Partaidetza, oro har, aintzat hartzekoa izan bada ere -gorabeherekin, hori bai- galdeketaren ondorioa argi da: ustez Euskal Herriko burujabetzaren alde dauden sektore politikoak ez dira mobilizatu.
Nola ez, zaila da ziurtatzea indar abertzaleak bozkatzen dituztenak independentistak direnik kasu guztietan, bestelako kalkuluak ere badaudelako hauteskundetan (botoaren eraginkortasuna, adibidez), baina, argi eta garbi, boto emaile abertzale ugari ez dira igaro bozkatzeko prestatu diren mahaietatik.
Laudioko udalerria, adibidez, horren adibide nabarmenena da: EH Bilduk 2.902 boto eskuratu zituen 2015eko udal hauteskundetan eta EAJk 2.443 bereganatu zituen. Bien artean bozkatzaileen %37,38a mobilizatu zuten. Gogoratu beharra dago gaurko deialdian, gainera, 16 urtetik gorakoek parte hartzeko aukera zutela, ez soilik 18 urteak gainditu dituztenek.
Hala eta guztiz ere, Laudioko mahaiek erroldaren %14,65 besterik ez dute jaso, 2.328 txartel guztira. EH Bilduk edo EAJk, bere kabuz bakarrik (batu gabe), udal hauteskundetan boza gehiago izan zituzten. Arabako herri handienean gertatutakoa muturreko adibidea izan da, baina, oro har, antzeko egoera errepikatu da eskualdeko leku guztietan.
Hurrengo urratsaren zain
Aiaraldean egindako herri galdeketen ibilbideari erreparatuta, pentsa liteke plebiszituen fenomenoa apur bat agortu dela, agian hurrengo urratsa zein den ez dagoelako argi eta horrek jendea mobilizatzea zailtzen duelako. Finean, emaitzak ikusita, ematen du askok uste dutela alferrikako ariketa dela. Dozenaka kontsulta egin eta gero, ez dirudi galdeketa loteslea gauzatuko denik; legezkoa edo legez kanpokoa izan (Katalunian bezala).
Tentsio falta hori sumatzen da giroan, eta estatuaren erantzun eza ere adierazlea da. Gogoratu beharra dago Espainiako Gobernu Ordezkaria Javier de Andrések publikoki mehatxua egin zuela Laudioko Jaien inguruko kontsulta zela eta. Azken honetan, Gobernu Ordezkariaren trabak burokratikoagoak izan dira eta udalei agindu die bitartekorik ez uzteko Gure Esku Dago plataformari. Hala ere, igandeko galdeketak, jaien datei buruzkoak baino boto emaile gehiago izan ditu -hedabide orokorretan gutxiago agertu bada ere-.
Horrela, denbora pasa ahala eta helburu jakinen faltan, emaitzak gero eta eskasagoak izan dira Aiaraldean. 2014an Arrankudiaga-Zollo aitzindaria izan zen eta deitutakoen %61,59a mugiarazi zuen. Baiezkoa %89,64koa izan zen. Orozkon, iaz, %44,7ko parte hartzea izan zuten eta langa nahiko jaitsi da aurten.
Ariketa politikoa
Edonola ere, kontuan hartu beharra dago burujabetasunaren eta erabakitzeko eskubidearen bidea ez dela xamurra, ezta motza. Herritarrak ahalduntzearen bidean egiten den lan oro ez da ezer ezean gelditzen, Kataluniak, neurri batean, erakutsi bezala.
Anarkistek XX. mende hasieran "gimnasia iraultzailea" deitzen zioten ekintza zuzenari. Francoren estatu kolpea heldu zenean, Gobernuko indarrak baino efektiboak izan ziren anarkistak militar faxisten helburuak gelditzeko eta horregatik 1936ko uztailaren 18an ez zuen garaipena lortu diktadoreak.
XXI. mendeko Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen kontzeptua esanahiez bete beharra dago. Frackingaren aurkako herri ekimen legegilea eredu oso ona da, eta galdeketak ere ariketa oso aproposak. Agian, "gimnasia" gehiago egiteko premia dugu, gure abdominalak ez baitaude oraindik lehiaketa batean erakusteko moduan, baina lantzen ez baditugu, egun batetik bestera ez da helduko lurraldetasunaren edota beste hainbat gairen inguruan erabakitzeko ordua.
Azken hilabeteetan ehunka pertsonek lan egin dute galdeketek aurrera egiteko. Ehunka boluntariok lortu dute milaka boto emaile etxeetatik ateratzea. Eta hau da ez da bukatu. Ez ahaztu, hurrengo hitzordua ekainaren 10eko giza katea izango da.