Arespalditzako Emakumeen Gelan elkartu zen lehenbizikoz Aiaraldeko Berdintasun Foroa, ostegunean. Bertan izan zen Miren Urresti Aiarako Berdintasun teknikaria, besteak beste. Positiboki baloratu du topaketa teknikariak: "Eskualdeko emakumeak elkartu ginen, gizonezko bakarra etorri zen, gonbidapena mistoa baitzen. 25 batu ginen, herri guztietakoak: Artziniegarrak, okondoarrak, laudioarrak...".
Urrestiren arabera, orokorra izan zen lehen saioa, "bi orduko iraupena izanik, ez zigun astirik eman nahi genuen guztia lantzeko". Hori dela eta, ekainean berriro elkartzeko asmoa aurreratu du teknikariak. Hitzordua oraindik ez dute zabaldu; bai, ordea, aztergaiak: eraso matxisten protokoloa eta Aiaraldeko Berdintasun Topaketak.
Eraso matxistei aurkako protokolo bateratua
Klown saioaren sarreraren ondotik, Aiarako Berdintasun plana aurkeztu zuten, eta eraso matxisten aurkako protokoloari heldu zioten ondoren. Izan ere, tokiko erakundeak jendarteko arazoari aurre egiteko prozedura landu du: "Eragile feministen izan behar duten funtzioa eztabaidatzea izango da hurrengo pausoa". Hain zuzen, eskualde mailan nola erantzun adostea nahi dute. Gaur-gaurkoz Okondon, Artziniegan eta Aiaran dute bateratuta genero indarkeriaren aurkako protokoloa. Aurrera begira, ordea, Laudio eta Amurriorekin koordinatzea nahiko lukete.
Berdintasun topaketak
Bestalde, urriko azken asteburuan antolatzen dituzte Aiarako Kuadrillan Berdintasun Topaketak: "Bakoitzak zer gai nahi duen lantzea esango du ekaineko bileran, denen interesa aintzat hartzeko topaketak prestatzean".