Ekainaren 9an egingo dute Aiaraldeko emakumeen I. Topaketa Feminista

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko mai. 25a, 20:43

Egitarau osoa aurkeztu dute dagoeneko. / Aiaraldea.eus

Eskualdeko emakumeak saretzea izango da helburua. Egun osoko egitaraua prestatu dute. Ekainaren 7 arte egongo da izena emateko aukera, formulario bidez.

Bide berriak zabaltzen ari da mugimendu feminista Aiaraldean. Apirilaren 14an "Feminismoa Aiaraldean" jardunaldia antolatu zuen Ekintzen Faktoriak, eta hurrengo pausoa aurkeztu berri dute: Aiaraldeko emakumeen I. Topaketa Feminista. Ekainaren 9an izango da hitzordua, Laudion: "Asmoa urtero herri ezberdin batean antolatzea da. Lehenbiziko topaketa Aiaraldea Ekintzen Faktoriak Laudioko Gardeako industriagunean duen 4-8 pabilioian egingo dugu".

Saretzea eta ahalduntzea jarri dituzte helburu. "Apirileko jardunaldian eskualdeko feminismoaren egoera, beharrak eta helburuak izan genituen eztabaidagai. Bailara osoko hainbat adinetako 26 emakumeren artean zehaztu genituen aurrera begira lehenetsi beharreko helburuak". Norabide horretan hurrengo pausotzat jo dute ekainaren 9ko zita.

Izen-ematea
Topaketetan parte hartzeko ezinbestekoa izango da izen-ematea, antolakuntza lanak errazteko. Horretarako online bidez bete beharko da formularioa, ekainaren 7a baino lehen. Galdetegian zehazten denez, haurren gunea eta zuzeneko itzulpengintza zerbitzua eskainiko dira; behar izanez gero.

Egun osoko egitaraua
Egun osoko egitaraua prestatu dute auzolanean. Goizean "feminismoa ehuntzen" gosari aurkezpena eta eztabaida egingo dute, Las brindis klown ikuskizunaren ondotik. La familia inventadako antzezleek emango diote hasiera topaketari 10:30ean, eskualdeko emakumeen kultur sorkuntzari espazioak irekiz.

Egitaraua osatzean eskualdeko emakumeen parte hartzea izan da abiapuntu eta helmuga, antolatzaileen aburuz. Tailerrak, solasaldiak eta sorkuntza lanak izango dira osagai nagusia. Uda garaia gertu egonik, "festak, genero harremanak eta feminismoa" uztartuko dituzte eguerdiko solasaldian. Ondoren, bazkaria egongo da. Soldatapekoek 13€ ordaindu beharko dituzte, eta soldatagabeek 10€. Aurreratu dutenez, ez da sorpresarik faltako; partaideek oparia eskuratu ahalko baitute egunaren oroigarri gisa.

Emakumeen sorkuntza nagusi
Arratsaldean, berriz, tailer maratoia egingo dute, 17:00etatik aurrera. Batetik, serigrafia tailerra egongo da, eta buruberokiena bestetik: "Bakoitzak bere arropa edo oihalak ekarri beharko ditu". Iluntzean, berriz, "Energy dance" saioa gidatuko du Marta Mateos okondoarrak. Egunari amaiera emateaz musikari amurrioarrak arduratuko dira: Ilargiak taldearen kontzertua egongo da lehenbizi, eta Pottors Destroyers musika-jartzaileak taularatuko dira segidan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide