Bihar egingo dute ELA, CCOO eta Independenteek erdietsitako lan-hitzarmen proposamenaren bozketa Tubacexen. Ez dute, baina, langile asanbladarik egingo. Behargin bakoitzak bere fabrikan izango du bozkatzeko aukera, lanorduetatik kanpo, toki eta ordutegi zehatz batzuetan.
Amurrioko lantegiko beharginek 13:00etatik 22:30etara eman ahalko dute botoa “Oficinas de Frío” deritzon tokian. Aceralavako langileek ordu-tarte berdinean bozkatu ahal izango dute, jantokiaren sarreran. Laudioko lantegiko kideek, aldiz, bulego orokorretan bozkatu ahalko dute 13:00etatik 14:45etara eta fabrikako aldagelen sarreran, aldiz, 13:00etatik 14:45etara eta 21:30etatik 22:30etara.
Bozketa mahaietan egongo dira aldeko edo kontrako botoa emateko paperak eta gutun-azalak. Jakinarazi dutenez, altan emanda dauden ebentualek ere izango dute botoa emateko aukera.
Gauzak egiteko modu hori kritikatu dute STAT, LAB eta USO sindikatuek, akordioa asanbladara eraman gabe gauzatuko delako bozketa.