Lan hitzarmen proposamen berri bati abala eman diote ELA, CCOO eta Independenteek Tubacexen. Ostegun honetan -maiatzak 31- langileek aukera izango dute proposamen horren alde edo kontra bozkatzeko. Hiru sindikatuek azpimarratu dute oraindik ez dutela ezer sinatu enpresaren zuzendaritzarekin. Gauzak hala, osteguneko bozketaren ostean ebatziko dute proposamenarekin aurrera jarraitu edo ez.
LAB, STAT eta USO aurka
LAB, STAT eta USO sindikatuek oharrak plazaratu dituzte adierazteko balizko akordio horren aurka bozkatuko dutela ostegunean.
LABen aburuz, bi dira lan hitzarmen berri honek dituen hobekuntzak: 12 langile finko gehiago egitea eta txandakako lan kontratua urte bat gehiago handitzea. Baina proposamen berria aurrekoa baino txarragoa dela uste du LABek, urte bat gehiago egongo delako indarrean. “Akordio horrek bake soziala bermatzen du langileen egungo arazoak konpondu gabe”, adierazi du sindikatuak hedabideei helarazitako oharrean.
Mobilizazioetan ez parte hartzea eta zuzendaritzaren “laguntzaile” bihurtzea aurpegiratu die LABek proposamena aurkeztuko duten hiru sindikatuei. “Historia berriz errepikatzen ari da”, salatu dute.
STATek, bere aldetik, "langile guztien eskubideen alde" borrokan jarraitzeko energiak dituztela adierazi du eta hainbat puntu negoziatzeko beharra jarri du mahai gainean: aldi baterako langileak kontratatzeko irizpideak zehaztea, "egun arroxak" mugatzea, makinak matxuratzen badira langileak etxera bidaltzea galaraztea, opor jarraituak bermatzea eta aldizkako langileentzako eta promozioentzako soldata eskala bikoitza galaraztea, besteak beste.
LSB-USOk, bere aldetik, hitzarmenean txertatu nahiko lituzkeen hobekuntzak azaldu ditu, gehienak enpresari kosterik ekarriko ez lioketela nabarmenduta. "Zuzendaritzak dio planteatzen duguna ez dela jasangarria, hamar kideren artean milioi bat euro baino gehiago banatzea, aldiz, bai", adierazi du sindikatuak, Administrazio Kontseiluko kideen soldatei erreferentzia eginez.