Ekainaren 10ean giza katea osatzeko zitak zehaztu dituzte herriz herri

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko eka. 7a, 18:55

Eskualdeko herriak lotuko ditu Euskal Herria zeharkatuko duen giza kateak. / Aiaraldea.eus

Igandean egingo da erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea. Kilometroz kilometro katea osatzeko argibideak eta hitzorduak zabaldu ditu Gure Esku Dagok, herrika.

Gure Esku Dagok kilometroak osatzeko irizpideak luzatu ditu herrika. Giza katea osatzen den unerako parte-hartzaile guztiak beraien metroan kokatuta egotea dute helburu.

Kilometroz kilometro katea osatuz
Arrankudiaga-Zolloko herritarrek izango dute Aiaraldeko lehenengo kilometroa osatzearen ardura. 11:00etatik egongo dira ibilbidean kokatuta.

Orozkoarren 140. kilometrora joateko autobus zerbitzua jarriko du martxan Gure Esku Dagok. Kotxez joateko aukera ere egongo da, baina horretarako Gure Esku Dagok ostiralero herriko plazan jartzen duen mahaitik pasa beharko dira parte-hartzaileak. Izan ere, bertan emango zaie  kotxean jarrita eraman beharko duten zenbakia, Gastaka auzoko aparkalekuan uzteko autoa.

Hiru dira Laudio zeharkatuko dute  kilometroak: 143.  Atxetatik Aretako gasolindegira helduko da, 144.a Aretako gasolindegitik Laudio Institutura,  eta 145.a Laudio Institututik suhiltzaileen egoitzaraino. Antolakuntzak 10:45ean egin die deia parte-hartzaileei dagokien kilometroan egoteko; eta 11:30ean giza katea osatzeko. Aurretik, informazio postuak zabalduko dituzte herrian zehar: Aretako Altamira plazan, Lamuza plazan eta Arrañoko igogailuan. Informazio postu horiek 10:00etan zabalduko dituzte eta, zalantzak argitzeaz gain, azken orduko izen-emateak ere jasoko dituzte bertan.

154 eta 155. kilometroak osatzeko ardura izango dute amurrioarrek. Laudion bezala, 10:45ean jarri dute zita kilometroetan jendea kokatzeko, antolakuntzaren laguntzarekin.

Urduñari 156. kilometroa dagokio, Amurrioko Landako kaletik Larrinbe auzunera. Urduñarrak Amurriora trenez bertaratzeko mezua zabaldu dute. 10:21ean Urduñatik ateratzen den trena hartuko dute, baina 10:10ean tren geltokian biltzeko gonbita luzatu dute..

Katearen osteko ekintzak
12:00etan egingo da giza katea, eta ordu erdiko iraupena izango du. Ondoren hiriburuetara bideratuko da jendea, erabakitzeko eskubidearen aldeko jaiari jarraipena emateko. Hala ere, eskualdean ere egongo da eguna luzatzeko aukera. Amurrion herri bazkaria egingo dute, eta Peru Selektah-k girotuko du arratsaldea. Txokogorrin eta Batzokian daude salgai otordurako tiketak.

Arrankudiaga-Zollon ere egingo dute bazkaria. Ondoren, Hilean Bariku Bat eta The Pushermen taldeak arduratuko dira egunari amaiera emateaz.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide