"Ekainaren 16an Euskal Herriko neska* gazteok batera ekingo diogu", adierazi dute Iraia Pereiro eta Maider Urtaranek. Biak aritu dira, Aiaraldeko beste hamaika emakume gazterekin batera, gogoeta saioetan parte hartzen.
Izan ere, 2016ko abenduan "GaztEraiki" topaketetan feminismoaren ildoa jorratu zuten 200 gazte baino gehiagok. Handik sortu zen udaleku feminista, irailean Ozaetan egin zutena. "Aurten bigarren edizioa antolatuko dugu", aurreratu dute. Irailean gauzatuko dituzte udaleku feministak, baina denbora guzti honetan ez dira geldirik egon: "Euskal Herriko hainbat tokitan hausnartu dugu militantzia ereduaz, mugimendu feministari eta gazte mugimenduari egin ahal diogun ekarpenaz...".
Larunbatean plazaratuko dute modu kolektiboan orain arte egindakoaren emaitza: "neska* gazteok batera aurrera egiteko tresna bat aurkeztuko dugu".
Egun osoko egitaraua
Egun osoan zehar egongo da ekintzez gozatzeko aukera. "Gure borroka moldeak eta iruditegiak birpentsatzen" deitu diote ekintzetako bati. Horrez gain, Aingura talde osasun gidaz mintzatuko dira. Dena den, Euskal Herriko mugimendu feministan ez da lehen aldia elkartzen direna: "Bertan parte hatu zuten kide batzuen eskutik helduko zaizkigu hausnarketa hauek ere". Zentzu horretan, asanblada erraldoia egiteko asmoa agertu dute.
Arbizuko topaketetan izena emateko feministagazteak@gmail.com helbidera bidali behar da mezua. Sare sozialetako kontuetan ere egingo dute jarraipena: Facebooken eta Twitterren -@EH_NeskaGazteak-.