Iruñeko epaitegiak gaur bertan ebatzi du 2016ko San Ferminetan neska bat taldean bortxatu zuten bost gizonezkoen baldintzapeko askatasuna. Haserrea zabaldu da mugimendu feministan eta mobilizazioak iragarri dituzte eskualdean.
Apirilean 26 atera zen La Manada bezala ezagututako erasotzaile taldearen aurkako sententzia, erasoa egin eta bi urtera. Mugimendu feministak gogor salatu zuen orduan epaia, ez baitzuten bortxaketatzat hartu erasoa, sexu abusutzat baizik. 9 urteko espetxealdira zigortu zituen Iruñeko auzitegiak. Auzitegi horrek berak utzi ditu baldintzapean aske bost kondenatuak, helegitearen zain.
Mobilizazioak eskualdean
Orduan egin bezala kalera ateratzeko deia luzatu du Aiaraldeko Mugimendu Feministak. Bihar, elkarretaratze zaratatsuak egingo dituzte 20:00etan Laudioko Herriko Plazan eta Urduñako Foru Plazan. Amurrion, berriz, 19:30ean izango da zita, Juan Urrutia plazan.