Beharrezkoak al dira oraindik sexu aniztasunaren aldeko keinuak?

Aitor Aspuru Saez 2018ko eka. 28a, 11:45

Laudioko udaletxearen aurrean dagoen semaforoan jarri dute sexu aniztasunaren aldeko mezuetako bat. / Aiaraldea.eus

Tokiko erakundeek gero eta mezu gehiago zabaltzen dituzte sexu aniztasunaren alde, are gehiago ekainaren 28an, LGTB sexu izaeraren harrotasuna aldarrikatzen den egunean. Adierazpen horiek beharrezkoak dira oraindik ere edo gizartearen pentsaerak nahikoa egin du aurrera?

Arruntak bilakatu dira instituzioek eginiko LGTB kolektiboaren aldeko adierazpenak azken urteotan, eta aurtengo ekainaren 28a ez da salbuespena izan. Nazioarteko harrotasun LGTB egunaren harira, Laudioko Udalak herriguneko semaforo batean bikote ez heterosexualak islatu ditu. Amurriokoak, ordea, ortzadarraren koloreak margotu ditu Zabaleko Ikastetxean eta kolore bereko ikurra herriko hainbat eraikin publikotan egongo da ikusgai.

Adostasun zabal horrekin, askok pentsa dezakete aniztasun sexuala aldarrikatzea erakundeen lasterketa bilakatu dela LGTB kolektiboarekin ondo geratzeko, edota "naif" samarra dela 2018an horrelako mezuak zabaltzea, guztiok hain aurrerakoiak garen garai hauetan.

Ordea, errealitatea tematia da, eta "koinatu" erresumara jotzea besterik ez dago horren adibideak ikusteko. Sare sozialak merkealdietako iritziak jasotzeko bide zuzenena badira, gure eskualdeko herritan sortutako Facebook taldeetan gainbegiratzearekin nahikoa izango dugu sumatzeko ez garela uste bezain "guay"-ak.

Errepikakorra da norbaitek talde horietan sexu aniztasunaren aldeko mezuak dituzten semaforo, eskaileren, zebrabideen edo autobus geltokien argazkiak argitaratzea, eta erantzun harrigarriak jasotzea. Egia da askok bat egiten dutela aldarrikapenarekin, baina niri, behintzat, zur eta lur uzten nauten bi argudio agertzen dira maiz.

Argudio horien atzean homo-lesbo-transfobia ez da argi eta garbi azaleratzen, baina hori da "iritzi-koinatuen" lorpena; aldarrikapenen aurka egitea zerbait aldarrikatzen dutenaren itxurarekin. Horrela, sexu aniztasunaren adierazpenen aurrean "koinatuek" beti esan behar dute "gauza garrantzitsuagoak" daudela dirua gastatzeko horretan baino lehen.

Argudio horren alde ona da, gainera, edozein kasutan erabili daitekeela gauzak dauden moduan gera daitezen. Adibidez: Erabakitzeko eskubidea? Gauza garrantzitsuagoak daude. Kataluniako independentzia? Gauza garrantzitsuagoak daude. Euskara? Gauza garrantzitsuagoak daude. Aldaketa klimatikoa? Gauza garrantzitsuagoak daude. Orokorrean, niri komeni eta interesatzen ez zaidana edo eragiten ez didana? Gauza garrantzitsuagoak daude.

Edonola ere, mekanismo hori edozein egoeratan baliatu daitekeenez, niri miresmen gehien sortzen didan argudioa da heterosexualen harrotasunaren aldeko nazioarteko eguna eskatzen duena.

Horrelakoak irakurtzen ditudanean bakarrik erantzun dezaket: "Heterosexualen harrotasun eguna EGUNERO da!" Eta hala ez dela uste baduzue, eskertuko nizueke futbol profesionaleko 1. mailako hamaikakoa osatzea heterosexualak ez diren jokalariekin. Eta entrenatzailea, mesedez. Ze niri, behintzat, beti iruditu zait estatistikoki izugarria ezagutu ditudan milaka gizonezko futbolarien artean, homosexual bakarra ez egotea -koinatuen unibertsoan sartzearren-.

Hori ez bada datu bat pentsatzeko aniztasun sexuala ez dagoela onartuta, ez dakit zer argudiatu dezakegun. Hala ere, hiru zertzelada gehituko ditut, gure gizartea zein tolerantea den islatzeko. Estatu Espainiarrean homosexual, bisexual eta transexualen aurkako legea egon zen indarrean 1990ra arte; "Nagi eta gaizkileen" legea eta bere hurrengoa, hain zuzen. Hori baliatuta sarekadak baimendu zituen politikari bat Rodolfo Martin Villa izan zen, esaterako. Politikan urte luzez ibilitakoa da bera eta enpresari oso garrantzitsua ere bada.

1990ean ere, Nazioarteko Osasun Erakundeak homosexualitatea kendu zuen buru gaixotasunen zerrendatik. Sailkapen horrek justifikatu zuen urte luzez electroshockeko terapiak erabiltzea homosexualitatea "sendatzeko".

Iaz transexualitateari eta eskualdeko errealitateari buruzko erreportajea argitaratu genuen, eta egoerak hobera egin badu ere, oraindik bide luzea egin behar dugu aukera arrunta bilakatu arte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide