“AP-68 errepidea doakoa izan beharko litzateke, baina bitartean egokia iruditu zait sinadura bilketa abiaraztea”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko uzt. 13a, 10:29

1.200 sinadura bildu ditu dagoeneko Francisco Canibek.

FRANCISCO CANIBEk (Barakaldo, 1968) sinadura bilketa abiatu du AP-68 errepideko ordainsari soziala Laudiotik Bilborainoko zatian ere aplikatzeko. 1.200 herritarrek baino gehiagok egin dute bat dagoeneko eskaerarekin.

Zerk bultzatu zaitu sinadura bilketa hastera?

Denbora nahikoa neraman hori egitea pentsatzen, baina AP-1 errepideko ordainsaria indarrean jarri eta AP-68 errepideko hobarietarako baldintzak moldatzen zirenaren albistea atera zenean, erabaki nuen sinadura bilketa hastea.

Argi utzi nahi dut nik, berez, AP-68 errepidea doakoa izatea aldarrikatzen dudala; nahikoa amortizatua dagoelako, denok dakigun bezala. Hala ere, hori iritsi bitartean egokia iruditu zitzaidan beste eskakizun hau egitea.

Eskaeran azaltzen dut aiaraldearrok gure gestioen %90a Bizkaian egiten dugula, horietako batzuk lan edo ikasketa aferengatik eta beste batzuk erakundeek hala egitera derrigortzen gaituztelako -mediku bisitak, ospitaleak...-.

Gauzak horrela, logikoa da pentsatzea Araban barrena mugitzeko hobariak ditugun bezala, Laudiotik Bilborainoko zatia egiteko ere izan beharko genituzkeela.

Horrez gain, errepideetako segurtasunari dagokionez, kontuan izan behar dugu Laudiotik Arrigorriagara garamatzan N-625 errepidearen zatia ez dela munduan dagoen seguruena. Lineako autobus eta garraio astun asko dago, eta zirkulazioa arina izateak galarazten du horrek.

 

“Oraindik instituzio bat bera ere ez da nirekin harremanetan jarri AP-68ko hobari sozialaren aldeko 1.200 sinatzaileen aldarrikapenak jasotzeko”

 

Zer nolako harrera izaten ari da sinadura bilketa jendearen aldetik?

Esan beharra dago nahiko zabalpen handia izaten ari dela, sare sozialetan nahiko ondo mugitu dugulako. Baina egia da, nire ustez, harrera apur bat eskasa dela, gai honek Aiaraldeko biztanleen mugikortasunean duen eragina kontuan izanda.

Ez dakit, batzuetan nire buruari galdetzen diot: Benetan ez gara konturatzen ordainsari soziala izateak ekarriko lizkigukeen onurez? Baina tira, hori lortzeari begira lanean jarraitzen dugu.

Erakunde edo instituzioren bat zurekin harremanetan jarri da sinadura bilketa dela eta?

Oraindik instituzio bat bera ere ez da nirekin harremanetan jarri 1.200 sinatzaileen aldarrikapenak jasotzeko. Baliteke etorkizunean egitea, baina momentuz ez dira harremanetan jarri.

Zenbat sinadura jasotzeko asmoa duzu?

Ez dut sinadura kopuru jakina lortzeko asmorik. Geroz eta gehiago lortu orduan, ahalik eta errazagoa izango da instituzioak presionatzea. Jendartearen babesik ez badugu, argi dago instituzioak ez direla mugituko, nire ikuspuntutik, behintzat.

Sinadura-bilketak “sabaia jo” duela ikusten dudanean lehenago instituzioren bat nirekin harremanetan jarri ez bada, aferan inplikatutako udal eta erakundeei aurkeztuko dizkiet sinadurak. Euren eskuetan geratuko da eskaera aurrera atera edo atzera botatzea.

Beste alde batetik, eskerrak eman nahiko genizkieke eskaera sinatu eta sare sozialen bidez mugiarazi duten guztiei. Eta oraindik sinatu ez dutenei esango nieke ondo pentsatu dezatela eta etorkizunera begiratu dezatela, gaur eragiten ez digunak bihar eragin ahalko ligukeelako. Oihartzuna izaten hasi garen une honetan ezin dugu aldarrikapena hiltzen utzi.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide