Cespa enpresak kudeatuko du hemendik aurrera Aiarako Kuadrillaren zabor zerbitzua. Lau urtez arituko da zerbitzu hori eskaintzen, 4.632.727,66 euroko aurrekontuarekin. Gaur eguerdian egin dute kontratazioa bozkatzeko ezohiko bilkura. PSE-EE, Omnia, EAJ, Okondo Aurrera eta Aiara Batuz taldeen ordezkariek alde bozkatu dute. Teknikariek eginiko lana nabarmendu eta eskertu dute bost taldeetako kideek, prozesua “luzea eta konplexua” izan dela nabarmenduta. EH Bilduko kideak, aldiz, abstenitu egin dira.
Lau enpresa aurkeztu ziren zaborren kudeaketa esleitzeko eginiko lehiaketa publikora, baina horietako bat (UTE Traeco-Onaindia) prozeduratik kanpo geratu zen, tramite bat behar bezala ez betetzeagatik. Gauzak hala, hiru enpresa baloratu dituzte: Enviser, UTE VTR-FCC eta Cespa. Azken enpresak lortu du puntuazio altuena balorazioan, eta horregatik hautatu dute.
Gauzak hala, Enviser enpresaren tokia hartuko du Cespak, orain arte enpresa hori arduratzen baitzen zerbitzua eskaintzeaz.
Hauteskunde legea hizpide
Batzar Nagusiei begirako hauteskunde legeari buruzko mozioak ere eztabaidatu dituzte bilkuran. Hiru mozio aurkeztu dira guztira: EH Bildurena, EAJrena eta Talde Independenteena -Okondo aurrera, Omnia eta Aiara Batuz-. Eztabaida egon da taldeen artean, mozioak ulertzeko modu ezberdinak plazaratu direlako. EH Bilduk eta Talde independentearen aburuz, koalizio abertzalearen mozioa zen nagusia -aurkezten lehena izan zelako- eta gainontzekoak alternatiboak ziren.
EAJak, aldiz, mozio bakoitza modu independientean lantzearen aldekoak ziren, baina azkenean onartu egin dute beste taldeek proposatutako moduan bozkatzea. Jeltzaleen mozioa atera da aurrera, gehiengoa izan baitira -8 batzarkide- EH Bildu -3 batzarkide- eta Talde Independenteen -3 batzarkide- aurrean -guztira 29 batzarkide dira Kuadrillan-. PSE-EEk, bere aldetik, proposamen guztien aurka bozkatu du, hauteskunde sistema “ahalik eta neutralena” izan beharko litzatekeela iritzita.