Azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskaraldian murgilduko da Euskal Herria, baita Aiaraldea ere. Dagoeneko egin dituzte zenbait asanblada, Amurrion eta Orozkon kasu. Gainontzeko herrietan zehazteke daude hitzorduak.
Laudion gaur bilduko dira 18:00etan Kultura Etxean, "Laudioko batzordea aktibatzeko". Hala azaldu du Leire Sanjurjo batzorde kideak. "Uda izanda, ez dugu gauza handirik aurreikusi, baina irailetik aurrera lan handia izango dugu. Ea jaietan zerbait egiten dugun!". Bileran aurkeztuko dute Euskaraldia, eta iazko Ahobizi eta Belarripresten dinamikarekiko ezberdintasunak azalduko dituzte.
Euskal Herri mailan 350 batzorde sortu dira jada. "Orozkon bi aldiz elkartu dira. Amurrion ere egin dute lehen bilera. Eskualdean fase ezberdinetan dago proiektua".
Gaitasunetik konpromisora
Ahobizi eta Belarriprestak iaz gaitasunaren arabera zehaztu ziren. Aurten, baina, urrats bat gehiago egin nahi dute: ahalik eta herritar gehienek egitea ariketa."Kopuruari baino kalitateari jarri nahi diogu arreta. Bakoitzak bere buruari jarritako ariketa izango da", ez hizkuntza identifikatzeko jolas soila.