aiaraldea.eus

Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasako dira aiaraldearrak Euskaraldian

Erabiltzailearen aurpegia Aimar Gutierrez   Euskara  Aiaraldea

Larunbatean aurkeztu zuten Euskaraldia ekimena Laudioko Herriko Plazan. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, hamaika egunez euskaraz bizitzeko aukera eskainiko du ekimenak. 

Hamaika egunez euskaraz bizitzea. Hori izango da Euskaraldiaren helburua. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo da ekimen hori Euskal Herri osoan. Aiaraldean iragan larunbatean aurkeztu zuten, Laudioko Herriko plazan.

Euskararen aldeko “ariketa sozial erraldoi” gisa definitu dute egitasmoa. Duela urtebete eskualdean eginiko Ahobizi eta Belarripresten ekimenari jarraipena emateko balioko du. Bi figura horiek baliatuko dira berriz Euskaraldian.

Ahobizien erronka izango da euskaraz ulertzen dutenei euskaraz hitz egitea, nahiz eta hauek gazteleraz erantzun. Horrez gain, ezezagunei lehen hitza -gutxienez- euskaraz luzatuko diete.
Belarriprestek, aldiz, eurekin euskaraz mintzatzeko gonbita luzatuko diete hizkuntza horretan moldatzeko gai diren pertsonei.

Euskaraldiaren antolakuntzan murgilduak dauden kideek nabarmendu dute bi rol horiek ez direla gaitasunei lotuak egongo.  “Baliteke gaitasun handia duen pertsona bat, edozein arrazoi dela, ez egotea prest inguruko pertsona batzuekin hizkuntz ohiturak aldatzeko. Orduan, Belarriprest moduan parte har dezake. Aldiz, gaitasun gutxiago duen bat edo euskara ikasten ari den bat, prest egon daiteke, ahal duen neurrian, euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz hitz egiteko. Horrek, Ahobiziaren papera hartuko luke”, azaldu dute.

Izen-ematea zabalik
Iragan astean ireki zuten ekimenean izena emateko epea. Inskripzioa betetzeko bi modu egongo dira: Euskaraldia.eus webgunean sartuta edota herrietan egongo diren eskuorriak betez.

Ekimenaren antolatzaileek aurreratu dute hainbat ekintza prestatuko dituztela eskualdean hamaika eguneko maratoi horri begira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa