Arabako Foru Aldundiak jakinarazi du aldatuko dituela Laudioko eta Amurrioko gizarte ongizate zerbitzuen finantzazio irizpideak. Erabaki horri esker, bi udalen gizarte langileen soldatak bere gain hartuko ditu erakunde arabarrak.
Zehazki, Laudion 5 beharginen eta administrari laguntzaile baten soldatak ordainduko ditu eta Amurrion 3 langileena eta administrari laguntzaile batena. Gauzak hala, bere ekarpena hirukoiztuko du; 131.000 eurokoa baitzen lehen eta aurrerantzean 400.000 euro baino gehiagokoa izango da.
Hitzarmen berria
Eskualdeko bi herrietan finantzazioa areagotuko dute hitzarmen berriaren bitartez, beste zenbait kuadrillatan eta inguruko herrietan egin bezala; Okondon, Aiaran eta Artziniegan, esaterako.
Izan ere, ikerketa egin ostean, Arabako Foru Aldundiak erabaki zuen gizarte langile bat ordaindu behar zuela landa eremuan 3.000 edo 4.000 biztanleko. Ordea, Amurrion eta Laudion soilik hartzen zuen bere gain gizarte langile baten eta administrari laguntzaile baten soldataren %80a.
Desoreka horren ondorioz, EH Bildu koalizioak mozioak aurkeztu zituen bi udalerrietan eta onartuak izan ziren. Negoziatu ondoren, ordea, akordioa lortu dute alderdiek eta erakundeek.