Onddoen arazoa konpontzeko pinudien fumigazioak zalantzan jarri dituzte adituek

Aitor Aspuru Saez 2018ko urr. 29a, 07:50

EAEko pinudien %34an agertu da jadanik izurritea. / Aiaraldea.eus

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek adierazi dute oxido kuprosoarekin fumigatuko dituztela pinudiak onddoen gaixotasunari aurre egiteko, baina zenbait adituk zalantzan jarri dute baimena jasoko duten horretarako eta komenigarria den.

Eusko Jaurlaritzak eta EAEko Foru Aldundiek jakinarazi dute euren asmoa dela udaberrian fumigatzea pinudiak, kutsatu dituen onddoaren aurka jotzeko. Banda marroi edo gorriko gaixotasuna sortzen duen onddoa EAEko pinudien %34an agertu da jadanik eta neurri horrekin ekidin nahi dute zabaltzen jarraitzea.

Edonola ere, erabakiak kontrako iritziak sortu ditu. Hasteko, fumigazioetan erabili nahi duten substantzia oxido kuprosoa da, osagai oso kutsakorra. Ondorioz, lehenik eta behin, Espainiako Gobernuak baimena eman beharko die erakundeei planarekin aurrera egiteko.

Arreta desbideratzeko iragarpena
Jende ugari agertu da fumigazioen aurka eta ahots kritikoen artean dago Mikel Cormenzana nekazaria eta EH Bilduko batzarkidea. Urduñarrak Bizkaiko Batzar Nagusietan egin zituen kritikak planaren berri izan bezain laster.

Bere iritziz, Espainiar Gobernuak eta Europak ez dute baimenik emango fumigazio horiek gauzatzeko. Are gehiago, urduñarraren aburuz, "erakundeak distrazio maniobrak egiten ari dira, plantak besterik ez dute egiten jabeek pentsatu dezaten arazoa konponduko dutela. Baina, egia esanda, ez dira ezer egiten ari".

Eskualdeko baso ingeniari bat iritzi berekoa da. Sektorean buru-belarri dagoenez sartuta, nahiago du anonimotasunez hitz egitea, baina azaldu du arraroa irudituko litzaiokeela erakunde europarrek fumigazioa babestea.

Oxido kuprosoa
Bideragarritasun legala alde batera utzita, ekologistek gogor salatu dute oxido kuprosoa airetik fumigatzeko egitasmoa.

Ekologistak Martxan taldeak adierazi du osagaia oso toxikoa dela Europar Batasuneko araudiaren arabera, baita "arrisku handia eta kronikoa" ere. Ekologistek nabarmendu dute bereziki kaltegarria dela ibaietan. Bide batez, gogoratu dute erakunde europarrek aholkatzen dutela ingurumenean ez askatzea.

Naturkon talde gipuzkoarra kritikoagoa izan da eta hurrengo adierazpenak egin ditu: "Sustantziaren berezko arriskuaz gain, abiadura horiekin airez zabaltzen den produktua nora joango den ezin da kontrolatu (...). Gainera, oxido kuprosoa arnastuz gero, toxikoa da eta azalarentzat edo bronkioentzat narritagarria da ukituz gero. Hori gutxi ez, eta uretako faunarentzat arras toxikoa izateagatik, tratamendu hauetan ibai eta erreken inguruan 50 metroko segurtasun zerrenda errespetatzea exijitzen du administrazioak berak".

Gauzak horrela, ekologistak ez dira bakarrak oxido kuprosoaren arriskua mahai gainean jartzen. Urko Izquierdo EHUko ingeniaritza kimikoko irakasle amurrioarrak berretsi du ingurumenaren aldeko taldeen kritikak zuzenak direla, Europar Batasuneko arauak aintzat hartuta.

Diru-laguntzak eta baso eredua
Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek pinuen onddoaren krisialdia bideratzeko eskura duten beste tresna da diru-laguntza sistema indartzea.

Printzipioz, Orozkon lan egiten duen basozain batek argitu du eurek, momentuz, ez dakitela ezer aukera horri buruz. Antza, Bizkaiko Foru Aldundiak eskatuko du hondamendi naturalaren irizpideak baliatzea aurrekontuak hornitzeko. Baina, horrez gain, ez zaie ezer jakinarazi.

Mikel Cormenzanarentzat diru-laguntzak gakoa izan daitezke: "Kolokan dagoena da baso eredua, eta horretarako diru-laguntzak oso garrantzitsuak dira".

Alabaina, inork ez daki zehazki Foru Aldundiek noiz azalduko duten diru-laguntzak zertara bideratuko diren. Hau da, bestelako baso eredua garatzeko hauspoa izango diren, edo monolaborantzan oinarritutakoa lagunduko duten. "Porrot hau eragin du monolaborantzak, eta hori ezin da errepikatu" aipatu du Cormenzanak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide