Erronka berri askorekin hasi du ikasturtea Aiaraldeko Mugimendu Feministak

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko aza. 1a, 07:20

Aretako Kultura Etxean egin zuten bilera, asteartean. / AMF

Azaroaren 22an egingo dute Aiaraldeko Mugimendu Feministaren hurrengo asanblada, 17:30ean Amurrioko Katekesi Aretoan.

Aretako Kultura Etxean egin zuten asteartean Aiaraldeko Mugimendu Feministaren ikasturteko lehen bilera. Bertan, udako balorazioa eta ikasturte honetarako erronkak izan zituzten hizpide. 

Udan eraso matxistak salatzeko telefono eta protokolo bateratua jarri zuten abian, eta aurrera begira ahalduntzeko dinamikekin jarraituko dute. Horrez gain, borroka feminista jendarteratzeko zein jaiak emakumeenak ere badirela aldarrikatzeko kalejirak burutu zituzten Urduña, Amurrio eta Laudioko festetan.  

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako protokoloa kontuan hartuta, erailketa matxistak egotekotan hemendik aurrera modu bateratuan nola erantzun ebatziko dute.

Greba feminista
Horrez gain, martxoaren 8an 24 orduko greba feminista antolatuko dute, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren asanblada nazionalean hartutako erabakiekin bat eginez. Mobilizaziorako prozesuaren xehetasunak beranduago emango dituzte, greba feministaren batzordeen hitzorduena kasu. Dena den, nola herrietan hala eskualdean aurreikusi dituzte mobilizazioak.

Komunikazio tresnak
Aiaraldeko Mugimendu Feministaren ekimenak eta aldarriak sozializatzeko komunikazio bideak areagotu dituzte. Batetik, sare sozialetara egin dute salto, Facebook, Twitter eta Instagram kontuak zabalduta. Eta, bestetik,  webgune berezia atondu dute, Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren feminismo lantaldearekin elkarlanean: labur.eus/feminismoaaiaraldean. Horrez gain, intraneta sortu dute, eskualdeko emakume* norbanako eta eragile feminista ez-mistoekin zenbait baliabide komun partekatzeko . 

 Halaber, eskualdeko emakume aditu eta arituen datu basea osatzeari ekingo diote. Horretarako feminismoa@aiaraldea.eus helbidera mezua bidaltzeko eskatu dute, nork bere edo inguruko emakumeen ezagutza edo esperientzien berri emateko. Eskualdeko emakumeen jakintza motak identikatzea izango da horren helburua, aurrera begira ekintza posibleetan aintzat hartzeko.

Mikromatxismoei buruzko lanketa
Azaroaren bueltan, mikromatxismo eta indarkeria matxistari helduko diete eskualdeko eragile feministek. Bagara Nor taldeak Amagoia Elezkano omenduko du azaroaren 25ean, 13:30ean. Amurrioko Mugimendu Feministak hilaren 2an egingo du asanblada irekia, 11:00etan Kultura Etxean. Aiaraldea Ekintzen Faktoriako feminismo lantaldeak, berriz, mikromatxismoen inguruko ikus-entzunezkoa aurkeztuko du azaroaren 22an, 19:00etan Amurrioko Katekesi aretoan.

Apostasia
Urduñako Mugimendu Feministak, ordea, apostasia egiteko proposamena luzatu zuen. "Horretarako batailo ziurtagiria eskatu behar da, eta gotzaindegian aurkeztu. Orozko eta Arrankudiaga-Zollokoek izan ezik, Gasteizera jo beharko dute interesa dutenek", azaldu zuten bertako kideek. Apostasia egiteko idazki eskaera ere osatu dute, ikuspegi feminista txertatuta. Ikasturte berrian zehar, apostasia modu kolektiboan egiteko aukera aztertuko du, beraz, Aiaraldeko Mugimendu Feministak. Interesa duen ororen eskura jarriko dituzte idazkiak, eta ekimen bat edo beste gauzatzea dute buruan.

Espazio feministak
Bestalde, espazio feministak sortzeko proiektuetan aurrerapausoak eman dira. Amurrion, esaterako, egitasmoa aurkeztu dute, Otsemeakekoek adierazi dutenez. Horren inguruan arituko dira, besteak beste, ostiraleko asanbladan. "Aurrekontu parte hartzaileetan aurkeztu genuen proiektua, eta bertatik abiatuko da prozesua", aipatu zuten.

Laudioko Etxe Feministaren lantaldekoek ere hilabete hauetan egindako lana azaldu zuten: proiektuaren oinarri prestaketa bukatzen ari dira, udalari aurkezteko. Aurki deituko dute aurkezpen publikoa, herritarren ekarpenak jasotzeko. Gainera, Ermua eta Eibarreko Emakumeen Etxeak bisitatzeko irteera antolatuko dute urtea bukatu baino lehen. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide