"Konpost dastatzea" egingo dute materia organikoaren birziklapena sustatzeko

Erredakzioa 2018ko aza. 15a, 17:10

Konpost ekoizpena biderkatu nahi dute erakundeek. / Aiaraldea.eus

Aiarako Kuadrillak hainbat ekintza antolatu du konpostajea sustatzeko. Azaroaren 23an, besteak beste, konpost kata lehiaketa egingo dute.

Pasa den astean iragarri bezala, Aiarako Kuadrillak helburu berriak bete nahi ditu epe motzean birziklapenari dagokionez, materia organikoaren esparruan bereziki. Hori dela eta, 5 jarduera egingo ditu azaroan.

Hasteko, ostiralean lehiaketa deitu dute jakiteko nork ekoizten duen konpostik onena. "Dastatze" lehiaketa izendatu dute eta 15 lagin hartu eta aztertuko dituzte -kilo erdikoak gutxienez-, Arespalditzako Gizarte Zentroan. Parte hartzeko epea bihar agortuko da eta horretarako Aiarako Udaletxera deitu beharra dago -945 399 013-. Irabazleak tokiko produktuez osatutako saskia eskuratuko du.

Larunbatean Artziniegara mugituko da ekimena. Hitzaldia eskainiko dute: “Konpostajea eta nekazaritza ekologikoa: nekazaritza ekologikoaren oinarriak eta izurriteen aurreko estrategia ekologikoak”. 11:30ean hasiko da solasaldia eta 2 ordu iraungo du. Artziniegako udaletxeko osoko bilkuren aretoan izango da eta 50 lagunentzako tokia egongo da. Aurrez izena emateko Artziniegako Udalera deitu beharra dago: 945 396 353.

Astebete beranduago, azaroaren 24an, "Auzo konpostajea eta ekonomia zirkularra" izango dute hizpide Okondoko Eskolan, 11:30ean. Aurretik inskripzioa egitea beharrezkoa izango da, azaroaren 23a baino lehen, udaletxera deituta: 945 898 023.

Bukatzeko, zizare-konpostajea nola egiten den irakatsiko dute Laudion. Azaroaren 30ean, ostiralean, izango da zita, 18:00etan Kultura Etxean. 94 403 4800 telefono zenbakira deitu behar da izena emateko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide