Manuel Mogrovejo Arnaiz, San Pedro menditik Mauthausen-Gusen kontzentrazio esparru nazira

Txabi Alvarado Bañares 2018ko aza. 22a, 10:02
Manuel Mogrovejo Arnaizen txapa aurkitu dute San Pedro Mendian. / EHU

Mauthausen-Gusen kontzentrazio esparrutik bizirik atera zen miliziano baten txapa topatu dute San Pedro mendiko indusketetan.

Duela zenbait aste jakinarazi zuten San Pedro mendiko indusketetan kontzentrazio esparru nazi batetik bizirik atera zen miliziano batekin erlazionatutako aurkikuntza egin zutela. Topatutako objektuaren inguruko xehetasun gehiago eman dituzte orain.

Berez, txapa bat topatu dute, zeinetan "Miliciano Manuel Mogrovejo" idatzita dagoen. Arkeologoek azaldu dutenez, txapa horien erabilera oso ohikoa izan zen Eusko Gudarostearen aldetik. “Guda Zibila 'erabateko gerraren' adibidea izan zen. Gauzak hala, txapa horiek baliatzen ziren hildako pertsonak identifikatzeko”.

Manuel Mogrovejo Arnaiz zen txaparen jabea. Ikerlariek pertsona horren gaineko datu ugari aurkitu dituzte. 1918ko urriaren 6an jaio zen Zornotzan eta Guda Zibila hasi zenean Leandro Carro batailoi komunistan sartu zen, 17 urte baino ez zituela. Mateo Balbuena lezamarra ere bertan zegoen:

Mogrovejo Arnaiz Aiaraldean zegoen 1936ko abuztuan, Urduñaren gaineko eraso faxistari aurre egitera bertaratu baitzen beste hainbat pertsonekin batera. Urte horretako abenduan Eusko Gudarosteko kideek San Pedro eta Txibiarte mendiak hartzea lortu zuten.

Hurrengo hilabeteak bertan igaro zituzten. Leandro Carro batailoiko kideek Urduñako Aduanaren eraikinean jarri zuten euren kuartela, eta Araba batailoi nazionalistarekin zaindu zuten San Pedro mendia eta horretarako gotorlekuak eraikitzen igaro zuten denbora hori.

1937ko maiatzaren hasieran Leandro Carro batailoiko kideak Mungia aldera joan ziren, bertan jazotzen ari ziren bataila gogorren parte izateko. Mola jenerala hainbat eraso gauzatzen ari zen Bizkaiaren aurka (garai hartan bonbardatu zituzten Durango eta Gernika, beste hainbat herrirekin batera). Zailtasunak zailtasun, Mogrovejo Arnaizek bizirik ateratzea lortu zuen. Hori ziur esan daiteke, bere sinadura agertzen baita batailoiko uztaileko nominan:



Frantziara ihesi
Une horretan, Bizkaia Francoren esku zegoen dagoeneko eta Eusko Gudarostea, aldiz, Santaderrera bidean. Mogrovejo Arnaizek Frantziako muga zeharkatu zuen orduan eta 1939ko apirilaren 5ean Gürseko presoen zelaian sartu zuten:

Abenduan, aldiz, Frantziako Legioan erroldatua zegoen. Gutun bat idatzi zion orduan Julio Jauregiri, diru eske, euskaldun hori baitzen errefuxiatu eta erbesteratu errepublikanoei laguntzeko ardura zuena. La Valbonne udalerritik idatzi zuen Mogrovejo Arnaizek idazki hori. Euskadiko Artxibo Nagusien topatu dute eskuizkribua.

1940. urtean Alemania naziak Frantzia okupatu zuen. Miliziano zornotzarra preso egin zuten orduan eta kontzentrazio gune batean sartu zuten: Stammlager XVII-B Krems-Gneixendorf (egun Austria den zonalde batean kokatua zegoena).

Kontzentrazio esparru nazian
Handik gutxira bidali zuten  Mauthausen-Gusen kontzentrazio esparrura. Bertara joateko trenaren izen-zerrendan azaltzen da bere izena:

Preso andana hil zen bertan. Ez dago kopuru zehatzik, baina 100.000-300.000 inguru izan zirela uste dute adituek.

Berriki estreinatu den  El fotógrafo de Mauthausen filmak Espainiatik iritsitako presoen  egunerokoa kontatzen du. Triangelu urdin batekin identifikatzen zituzten, "aberrigabeak" zirela zehazteko, eta S letra ere jartzen zitzaien, "Spanier" moduan markatzeko.  

Oso gutxik lortu zuten bizirik ateratzea, Manuel Mogrovejo izan zen horietako bat. 26 urte zituela geratu zen aske, 1945ko maiatzaren 5ean tropa amerikarrak iritsi zirenean.

Ikerketa ez da amaitu
Lan guztia garatu duten arkeologoek jakinarazi dute ez dutela ikerketa historikoarekin amaitu.  Manuel Mogrovejoren inguruan duten azken pista 1959. urtekoa da. Estatuaren Buletin Ofizialean (BOE) azaltzen da bere izena. "1942. urtean funtzioak usurpatzea eta iruzurra egiten saiatzea" egozten zion buletinean justizia frankistak. "Baina hori ezinezkoa da, urte hartan Mauthausen-Gusenen preso zegoelako", azaldu dute ikerlariek.

Gauzak hala, delitu hori egotzi nahi izatea "diktaduraren errepresalia" bat izan zitekeen, arkeologoen ustetan. "Argentinan bizi diren Mogrovejo Arnaizen bi ilobekin jarri gara harremanetan, eta bere oinordeko gehiagoren bila ari gara".

Beste aurkikuntza batzuk
Miliziano zornotzarraren txapa ez da San Pedro mendiko indusketetan topatu duten gauza bakarra. Metrailadore-kabi bat ere topatu dute, hainbat bala-zorrorekin batera.

Ohiko objektuak ere aurkitu dituzte: koilarak, sardexkak, botilak, alkandoren botoiak, hainbat eskuizkriburen zatiak... baina "aurkikuntza harrigarriena" honakoa izan da:  Hotchkiss metrailadoreentzako munizio kutxa oso bat, ukitu gabea:



"Guda Zibileko arkeologian topatu den mota honetako aurkikuntza bakarra da", nabarmendu dute arkeologoek. EHUko unibertsitatean ikertzen ari dira topatutako materialak. “Laster izango dugu informazio gehiago”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide