Black Friday -Ostiral Beltza- eguna izango da bihar. Eskaintza bereziak egingo dituzte Euskal Herriko makina bat saltokik, produktuei sekulako beherapenak (printzipioz) aplikatuaz. Egun hori saltoki handiei lotu izan da askotan, baina tokiko merkatariak ere batu dira ekimenera. Laudion 35 establezimendu atxikituko dira beherapen-kanpainara. Amurrion ere hainbat komertzio atxikituko dira egitasmora, Apymca merkatari elkarteak deituta.
Eragile ugarik kritikatu dute Black Friday ekimena, saltoki eta marka handiei soilik mesede egiten diela argudiatuta. Baina, hori hala izanda, badu zentzurik tokiko merkatariak beherapen olatura batzeak?
Jon Aspururen arabera, beharrezkoa da kontuan izatea nondik datorren ekimena. “Black Fridayren jatorria beherapenen berdina da. Ostiral Beltzak deitzen zitzaien ostiralei, saltokiek ezer saltzen ez zutelako. Horregatik, deskontu itzelak egiteari ekin zioten. Beherapenetan logika bera erabiltzen zen: Gabonetako kanpainaren ostean saltzen jarraitzeko baliatzen zen”. Gauzak hala, Black Friday ekimenak “Gabonetako erosketak aurreratzeko” baino balio ez duela uste du Apymcako presidenteak, baina nabarmendu du merkatari txikiek bertan parte hartu beste aukerarik ez dutela, bestela salmentak marka handiek eramango dituztelako. “Araudi gehienak ez ditu Eusko Jaurlaritzak egiten, Europatik datoz. Gauzak hala, ezer gutxi egin dezakegu”.
Amazoneko greba
Marka handien presentzia geroz eta nabarmenagoa dela ohartarazi du Aspuruk. “Bilboko On Diego Lopez Haroko kale nagusian bloke osoak erosten ari dira”. Baina saltoki handiak ez dira tokiko merkatarien lehiakide nagusiak, amurrioarraren aburuz. “Internet bidezko erosketetan dago arazo nagusia”. Tokiko merkatariek “krisi bikoitza” pairatu dutela uste du Apymcako presidenteak. “Krisi ekonomikoa etorri zen lehenbizi. Orain, aldiz, orain arteko ereduaren aldaketa dator, saltoki handiei ere eragiten diena”.
Internet bidezko salmentei dagokionez, aipatu beharra dago Amazoneko gehiengo sindikalak -CGT eta CCOOk- greba deitu dutela bihar eta etzirako -azaroak 23 eta 24- enpresa multinazionalak Madrilen duen zentrorik handienean, lan-hitzarmena dela eta. Gauzak hala, herritarrei eskatu diete egun hauetan Amazonen ezer ez erostea.
Irtenbide bakarra, “kontzientziazioa”
Geroz eta larriagoa da tokiko merkataritzaren egoera. Hori argi ikusi daiteke Gaindegiak eginiko ikerketan:
Egoera honen aurrean, tokiko merkataritzarentzako irtenbide bakarra dagoela uste du Aspuruk: kontzientziazioa. “Badakigu mundu globalizatu batean eta liberal batean bizi garela. Ez dugu lortuko gaur egungo sistema aldatzea. Gauzak hala, herritarrengan dago gakoa. Dena ez da prezioa”.