“Gaztetan ez genuen euskara erabiltzen. Nire aitona Inaxiok ez zekien erdara. Nik lau seme-alaba izan nituen eta lauei irakatsi nien euskara, familiako gainontzeko kideek ez zekiten arren”. Daniela Bernaola Garciaren hitzak dira horiek. “Aiaraldeko hamaikakoa” taldeko kiderik nagusiena da bera. Euskarari ekarpen handia egin dio, baina orain lekukoa gazteek hartu behar dutela uste du.
Basilio Garcia Maiok ere argi du: “Nik adina hartzen dut kontuan. Gazteei beti zuzentzen natzaie euskaraz, jakin badakidalako 30 urtetik beherako pertsona gehienek ulertu gutxienez egiten dutela”. Goiatz Urkijo Castañaresek, bere aldetik, “bilakaera positiboagoa” ikusten du gazteen artean, “ia gazte guztiek dakite euskaraz, erabilerara salto egin behar dugu orain”.
Bernaola Garciak ere bat egiten du gazteek euskaraz gehiago hitz egiten dutenaren iritziarekin; baina, era berean, uste du erabilera ez dela igo. “Mantendu egin dela esango nuke, baina ez oso ondo”.
“Nik familiarekin etxean euskaraz hitz egiten dut, auzokoekin ere bai. Esan daiteke nire bizitzaren zatirik handiena euskaraz egiten dudala”, azaldu du Irati Santa Cruz Lizasok. Lagunekin, baina, kasu batzuetan gaztelerara jotzen du gazte orozkoarrak. “Orozkoko adiskideekin hitz egiten dut euskaraz, batez ere. Baina euskaraz hitz egiten dugunekin ere batzuetan gaztelerara pasatzen gara nahigabe eta institutoan erderara gehiagotan jotzen dugu”. Okerreranzko joera bat dagoela sumatzen du orozkoarrak. “Orain ikusten dut Orozkoko Eskolako haurrak askoz lehenago hasten direla gazteleraz hitz egiten”.
Ainhize Solaunek ere euskara du ama-hizkuntza. Baina, aitortu duenez, ohitura handia du gazteleraz hitz egiteko. “Lagunekin nagoenean edo urduri jartzen naizenean erraz jotzen du gaztelerara”.
Gazteen artean egin beharreko lana “oso handia” dela uste du Leire Sanjurjo Garciak. Hala ere, Euskaraldiaren Arabako Koordinatzaileak nabarmendu du gazteak nagusitzen direnean “erabileraren gorakada” sumatzen duela, “kontzientzia hartze bat eta hausnarketa bat ematen dela uste dut”.
Hizkuntza ohiturak irauli
Brenda Castrillok denbora asko darama Aiaraldean bizitzen. Soziologia ikasteko etorri zen Nikaraguatik Euskal Herrira eta euskara ikasteari ere ekin zion duela zenbait urte. “Kultura ezberdin bat da, eta interesgarria iruditu zitzaidan”, azaldu du. Hala ere, nabarmendu duenez, egunerokoan ez du euskaraz hitz egiteko aukera askorik. “Egunero saiatzen naiz euskaraz hitz egiten, baina jende askok eskatzen dit gazteleraz hitz egitea”.
Hizkuntza-ohiturek pisu handia dutela aitortu du Leire Sanjurjok, baina gaineratu du horiek “ohitura eta patroi berriak sortuta eta errepikatuta” aldatzen direla. “Egia da testuinguru erdaldun batean bizi garela. Niri, familia erdalduna izanda, esamoldeak errazago ateratzen zaizkit gazteleraz".
Lan munduan erronka
Andima Landaluzeren Euskaraldiko erronka, aldiz, bere lankideekin euskaraz hitz egiten saiatzea izango da. “Normalean lanean gaudenean ez dugu euskaraz hitz egiten, orohar”. Iñaki Moskosok ere antzeko arazoa sumatzen du. “Lantegian euskaraz hitz egitea pixka bat zailagoa da, 'hasiera' moduko bat behar da, edo inflexio-puntu bat zeinetan lankidearekin euskaraz hitz egitera pasatzen zaren”.
“Askotan ez dakigu delegatuen hizkuntza euskara dela”, azaldu du ELA sindikatuko kidea den Itziar Larrazabalek, “hori izan behar da gure erronka: euskaraz dakiten afiliatuekin hizkuntza horretan hitz egitera pasatzea”.
Alde egotetik alde egitera
“Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzea” da Euskaraldiaren helburua, Goiatz Urkijo Castañaresen esanetan. “Testuinguru oso erdaldunean bizi gara, eta eguneroko harremanek gazteleraz hitz egitera bultzatzen gaituzte”, gaineratu du Leire Sanjurjo Garciak.
Horregatik, ahobizi edo belarripresten txapa soinean eramateak berebiziko garrantzia duela uste du laudioarrak. “Gauza txikia dirudi, baina iaz niri asko lagundu zidan eta egun saltoki eta tabernetan askoz gehiago erabiltzen dut euskara”. Txapa izateak “lehen pausoa ematera derrigortzeko” balio duelakoan dago Irati Santa Cruz Lizasok, “behartzen zaitu lehen hitza behintzat euskaraz egitera”.
Iñaki Moskosorentzat, aldiz, “kopeta izatean” dago gakoa. “Une batetik bestera euskaraz hitz egitera pasa, eta aurrera”. “Militantzia izaera” bebizikoa dela uste du Raul Urkijo Allendek, “beharrezkoa da euskararekiko zeozer sentitzea”. “Euskal Herria aberri txiki bat da, eta bere hizkuntza propioa du, sustatu egin behar dena”, gaineratu du Edu Saiz Ruiz de Olizagak.
Xabier Santxotenak, bere aldetik, adierazi du euskara “indartu” behar dela eta jendeari “apur bat behartu” behar zaiola hizkuntza erabiltzera, “agurrak soilik euskaraz egitea bada zerbait”.
Ikuspegi kritikoa
Andima Landaluzek, aldiz, bestelako ikuspegia du. “Nik nahiko sentsazio gazi-gozoa dut Euskaraldiarekin”, azaldu du urduñarrak, “positiboa ikusten du erabileran eragitea, baina aurretik ikusi dugu jarrera eta konpromiso pertsonaletan oinarritutako ekimenek zenbaterainoko eragina daukaten”. Bere iritziz, euskararen normalizaioak “maila guztietan” eragin beharko luke, “bai politikoki, baita kalean ere". “Euskaraldia egiten dugu, denentzako tokia duen eta guztiontzako onugarria den ospakizuna; baina gero ez dakit horrek zer eragin duen”.
Landaluze ez da Euskaraldiarekiko kritiko agertu den pertsona bakarra. Aiaraldetik kanpo ere plazaratu dira antzeko hausnarketak. Amets Arzallusek ETBn eginikoa da agian zeresan handiena sortu duena. "Orain denak daude euskararen alde, baita bere heriotza diseinatu eta praktikatu zutenak ere", adierazi zuen bertsolariak telebistan.
Bere ustetan, “Euskaraldiak zentzua eta indarra hartuko badu hamabigarren egunean izango da hori, hamaika egunak igarota aldaketarik sumatzen baldin bada”.