Ia hiru urteko ibilbidea egin du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak. Ibilbide laburra izan da, baina baita oparoa ere. Aurretik “sukalde lan handia” egon zen arren, 2016ko otsailaren 12an sortu zen ofizialki euskararen aldeko foro hori, Aiaraldeko 42 eragileren bultzadarekin. “Sorrera bera puntu garrantzitsua izan zen”, oroitu dute kontseiluko kideek. Horren eskualde zabalean horrelako gune bat sortzea “mirari txikia” izan zela uste dute. “Euskalgintzaren alorrean saretze lana indartzeko aukera eman du Kontseiluak, eta hori ezinbestekoa da normalizazio prozesuan”.
Ekintza ugari egin ditu Kontseiluak hiru urtez. Euskararen Nazioarteko Egunaren harira azken bi urtetan eginiko dinamikak dira zeresan handiena sortu dutenak. 2016an Amurrion jarri zuten zita, “Aiaraldea euskaldun! Konpromisoak eta maitasuna” lemapean. Ehunka herritar bildu ziren Juan Urrutia plazan, euritakoak eskutan, “Euskararen errota” osatzeko prest.
Iaz, aldiz, “armairutik” atera ziren aiaraldearrak, hizkuntza-ohiturak aldatzeko konpromiso zehatzak hartuta. Ahobizi eta belarripresten figurak baliatu zituzten horretarako, Lasarte-Orian, Arrigorriagan edota Donostiako Egia auzoan egondako esperientzietan oinarrituta.
Gauzak hala, hein batean esan daiteke Aiaraldean urtebete aurreratu zela orain abian dagoen Euskaraldia kanpaina. Arrakasta handia izan zuen, gainera: 4.500 lagunek hartu zuten astebetez euskaraz bizitzeko hautua, bakoitzak bere konpromiso-maila propioarekin. Urduñan eman zitzaion amaiera dinamikari, aurreko urteko eskema bera jarraituta: zutabeak antolatu ziren hiriaren gune ezberdinetan, eta Foru plazan egin zuten topo herritar guztiek.
Inurri lan handia egon zen bi kanpainen atzean. Berebiziko garrantzia izan zuen Hezkuntza Komunitatearekin eginiko lanak. Unitate didaktikoak atondu ziren eta eskualdeko ikastetxe bakoitzak bere dinamika propioa garatu zuen. Aipatzekoa da baita ere musikak eta dantzak betetako funtzioa. 2016ean eskualdeko hainbat musikariren artean sortu zuten “Euskararen errota” abestia. Iaz, aldiz, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek eginiko abesti batek jarri zion soinu banda Ahobizi eta Belarripresten dinamikari. Bi urteetan Ainhize Solaun izan zen abestien koreografia egiteaz arduratu zena. Aurten ere dantzari amurrioarra arduratu da Euskaraldiaren abestiaren dantza osatzeaz.
Bestelako dinamikak
Hala ere, Kontseiluaren jarduna ez da egun eta kanpaina potolo horietara mugatu. Sare lan asko egin dute, bestelako dinamikak (xumeagoak baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoak) abian jarriz.
Euskararen Agenda da egitasmo horietako bat. Eskualdean euskaraz egiten diren ekintzak nabarmentzea da ekimenaren xedea. Kartel bat ateratzen dute hilero, jarduera guztien nondik norakoekin, eta posta edo telefono bidez ere bidaltzen dute. Kontseilu zabalak eta gogoeta jardunaldiak ere antolatu dituzte, eta herrietako jaietan euskararen presentzia indartzen ere ahalegindu dira, txupinazoetan agerpenak eginez.
Horrez gain, aipatzekoa da baita ere euskararen eta kirolaren arteko harremana hizpide duen ikerketa. Eskualdeko kirol-taldeekin jarri ziren harremanetan, egunerokoan zituzten hizkuntza ohituren inguruan galdetzeko. Modu horretan osatu zuten txostena.
Erakunde publikoekin “harreman egonkorra, elkarlana eta babesa” ere bilatu dituzte. Nabarmendu dutenez, “oso emankorra” izan da udaletako euskara teknikariekin egin duten lana.
Helburuak betetzen
Gauzak hala, eragilearen sorreran planteatutako helburuak betetzen ari dira, euren iritziz. Hala ere, argi dute Aiaraldea euskaldun bihurtzea, helburua baino, “itsasargia” dela. Horri begira Euskalgintza Kontseilua “potentzial handiko” tresna dela diote. “Euskararen normalizazioaren bidean indarrak batu eta elkarlana sustatzeko gune bat sortzea genuen helburu”, azaldu dute. “Bide onean goaz, baina bidea luzea da. Orain artekoa erraza izan dela esan daiteke, denon borondate onarekin egin dugulako. Jendearen harrera lehen unetik izan da ona”. Ia hiru urte beranduago Kontseilua bizirik jarraitzen duela nabarmendu dute, “indartu eta zabaltzea dagokio orain”.
Aurrera begirako egitasmoak
Orain Euskaraldiaren antolakuntzan murgilduak daude Euskalgintza Kontseiluko kideak, baina badakite jada zeri helduko dioten hamaika eguneko maratoia amaitzean. “Plangintza estrategikoa” osatzeari ekingo diote, hori izango dute lehentasun. “Lau urtera begira jarriko gara gure norabidea zehaztu eta energia nora bideratu erabakitzeko”. Kontseiluko kideen presentzia esparru gehiagora zabaldu nahi dute. “Une honetan hezkuntzaren munduan dugu presentzia handiena, ikastetxe guztietako ordezkariak baitaude Kontseiluan. Bestelako eremuetan, aldiz, ez dugu horrenbesteko eraginik. Dantza taldeak, mendi taldeak, gazte eragileak, enpresa mundua... alor ezberdinetara zabaldu nahi dugu gure jarduna”.
Udal hauteskundeei so
2019ko maiatzean egingo diren udal-hauteskundeetan eragiteko asmoa du Euskalgintza Kontseiluak. “Alderdi politikoen programetan euskararen normalizazioarekiko konpromisoak egotea” bultzatuko dute. “Gaur egun talde politiko guztiek dute euskararen aldeko jarrera, baina konpromiso esplizituak bilatzera joko dugu”. Era berean, eskualdeko erakunde publikoekin elkarlana sustatzen jarraituko dute.
Euskaldunen aktibazioan ere sakondu nahi dute, “eskualdean saretze lana indartuz”. Arestian aipatutako Euskararen Agendari ere “astindua” eman nahi diote. “Tresna indartsua dela uste dugu. Baina, beste egitasmo batzuekin gertatzen den bezala, zailtasunak ditugu behar den tokira iristeko”. Gauzak hala, agendaren “jasotzaileen kopurua” eta “eraginkortasuna” handitzeko asmoa dute.
Nabarmendu dutenez, euskararen normalizaziorako beharrezkoa da hiztunek euskaraz hitz egiteko aukerak eta “testuinguru egokiak” izatea. “Norabide horretan aurrera pausuak emateko, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua tresna eraginkorra da”.