Erronka potoloa ekarri digu Euskaraldiak, 11 egunez euskaraz bizitzeko erronka. Horretarako baliabideak ere jarri dizkigu eskura, 2018. urtean oraindik ere malkartsua den misio hori aurrera ateratzeko. Baliabide eta tresna horien artean daude ahobizi eta belarriprest rolak, norberaren neurrira eraikiak, 11 egunez bada ere, gure euskalduntasuna normalitate osoz bizitzeko lain.
Dinamika ezaguna zaigu gurean, erronka beretsuari heldu genion aiaraldearrok duela urtebete. Ahobizi eta belarriprestek hilabetez bete zuten eskualdea Lasarte-Oriako eta beste herri batzuetako esperientziari jarraiki. Aurtengoa jauzi nazionala izan da, eskualdeetako tokikotasunetik Euskal Herriko egitasmoa bilakatu da ahobiziak eta belarriprestak lanean jartzea.
Funtsean, estatistikek paper gainean erakusten duten datu oso esanguratsu bat azaleratzera dator dinamika: Euskal Herrian uste duguna baino jende gehiagok ulertzen duela Euskara. Aiaraldean, euskaldun eta elebidunak batuta, biztanleriaren erdiak du euskara ulertzeko gaitasuna.
Bizi dugun diglosia gainditu eta beldurrik gabe euskaraz bizitzeko babesa eskaintzen digu Euskaraldiak. Pentsa, aiaraldearron %50arekin komunikatu gaitezke euskaraz. Eguneko elkarrizketen zer ehuneko hasten ditugu euskaraz? Jolas eremua eraldatzera dator Euskaraldia.
4.300. Horiek dira iaz Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak bultzatutako Ahobizi-Belarriprest dinamikako partaideak. Eskualdeko biztanleen %10ak parte hartu zuen bertan. Eskualdeko errealitate linguistikotik urrun egonda ere, parte hartze nabaria izan zen iazkoa, ez dira ugariak Aiaraldean hainbeste herritar elkartzen dituzten egitasmoak. Abenduaren 3an Urduñan ospatutako kanpaina amaierako jaiak orube emankorra jarri zuen euskalgintzaren etorkizuneko erronkentzat.
Etorkizun hori iritsi da dagoeneko, Euskaraldia du izena. Eusko Jaurlaritzak beste hamaika erakunderen laguntza eta babesarekin antolatu du ekimena, makinaria guztia abiatuta, inoiz baino baliabide gehiago daude, eskualde batzuetan aurretik praktikan jarritako esperientziek Euskal Herriaren neurriko dimentsioa har dezaten.
Konparazioak atseginak ez diren arren, aurten parte hartzea apur bat murritzagoa izan da eskualdean. Ariketa ez dugu kuantitatiboki baloratu behar, ez baita gutxi ehunka pertsonek euskararen aldeko apustu irmoa hartu izana. Hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoa ezinbestekoa den arren, nahikoa al da euskara salbatzeko?
Kualitatiboki balora dezagun Euskaraldiak euskalgintzari eta euskarari eskaintzeko duena. Euskara erdigunean kokatzen du Euskaraldiak, 11 egunez bada ere euskara gure egunerokotasuneko ardatz bilakatuko du. Noren ardatz ordea? Norbanakoarena ala euskaraz bizi den komunitatearena?
Datu argigarri bat: EAEn ikasleen %66a baino gehiago dago D ereduan matrikulatuta eta azken urteetan gora egin duen eredu bakarra izan da (A eta B ereduen aldean). Milaka gaztek jaso dituzte haur hezkuntzatik bigarren hezkuntzara bitarteko ikasketak ia euskara hutsean. Unibertsitate ikasketetan ere gora doaz euskarazko matrikulak. D ereduaren garapenak orain arteko martxarekin jarraituz gero, Aiaraldean biztanleriaren %50-60ak baino askoz gehiagok izango du euskara ulertzeko gaitasuna urte gutxi barru.
Kontrara, euskararen kaleko erabilera ez da hazi, edo behera jo du. Finean, D ereduak ez ditu euskararekiko atxikimendua duten gazteak hezten.
“Ahobizi” behar luketen belaunaldi berri horiek ez dira ahobizi. Txapa jartzeak ez du egoera irauliko. Arazoa ez baitago norbanakoarengan soilik, komunitate oso baten esku dago euskara. Komunitate horren biziraupenean datza euskararen biziraupena.
Euskaraldiak indibiduoan jartzen du fokoa, euskaradunaren gain; ez euskarak bizi duen ekosistemaren gain, ezta honen ehun sozial, kultural eta instituzionalaren inplikazioen gain ere ez.
Abiada bizian datorren munduaren begirada globalizatua dakar Euskaraldiak. Izan zaitez ahobizi, belarriprest edo bide ertzetik begira dagoen behia, zure aukera da. Euskararen etorkizuna norbanakoen esku soilik uzteak, mezu inplizitu bat dakar: indibiduoak du ardura eta erantzukizun guztia. Euskararekiko ulerkera neoliberaI hutsa: XXI. mendean euskarak biziraun behar badu herritarren erabaki askeagatik izango da edo ez da izango; eta ez bada, onartu dezagun, mendebaldeko zibilizazio honen deriba baino ez da, Euskal Herri honen garapen logikoa mundu globalizatu batean.
Hizkuntza, ordea, ez da norbanakoen kontua, komunitarioa da eta komunitatean bizi behar da. Gure elebitasunean hizkuntza batek hartzen ez dituen funtzioak hartzen ditu besteak. Komunikaziotik haratago, errealitatea ulertzeko tresnak eskaintzen dizkigu hizkuntza batek, komunitate eta identitate bat gorpuzten ditu. Komunikatzeko tresna huts gisa, hizkuntza baten etorkizunak honen iraungitzea dakar. Interneten, merkatu globalean, identitate mundialean eta 7 mila milioi biztanleko planeta honetan, nora goaz milioi eskas batek txapa baten beharrez darabilen hizkuntza batekin?
Indibiduoaren gain fokoa jartzea hizkuntza baten funtzio komunikatiboan fokoa jartzea da. Identitate global baten gailentzea gurearen gainetik, globalizazioaren mesedetan. Berandu baino lehen euskal komunitatearen desagertzea onartzea. Munduko hiritar bihurrarazi nahi gaituzten heinean hobekiago genukeelako ingelesa edo gaztelania bezalako hizkuntza hedatuak erabiltzea. Eta bagabiltza, “Basque Country itzulia”, “MTV Music Week”, “San Sebastian Film Festival”… Izenok Euskaraldian parte hartzen duten erakundeek jarriak dira.
Horregatik, Amets Arzallusek ETBn Euskaraldiaren atarian esandakoen harira, eroso aurkitzen dira txapa soinean “euskararen heriotza diseinatu eta praktikatu zutenak”. Horregatik darama VOX alderdiak ahobizi txapa, Euskaraldiak ez baitie inolako kontraesanik sortzen. Euskara ulertzen dugun Euskal Herritarron herenaren hizkuntza praktikak eraldatzea baino gehiago behar du izan euskararen etorkizuna. Euskararen etorkizunaren alde lerratzea status quo-a zalantzan jartzea da.
Hizkuntza bat ezin baita bizi dakitenek hitz egiten ez badute, “ahobizi” eta “belarriprestek” ez badarabilte, baina ezta ere hau bermatzen duen egiturarik gabe. Euskararen alde antolatzea eta honen ekosistema eraldatzea da txapa daramagunon ardura.
Bitartean, goza dezagun 11 egunez euskarari indarra emateaz, eta, hamabigarrenean ere jarrai dezagun mundu hau euskaraz eta euskaratik eraldatzen.