Indian egon dira Amets Meaza Castañares Laudioko alkateordea, Josune Irabien Amurrioko alkatea eta Estibaliz Sasian Amurrioko berdintasun zinegotzia, Euskal herriko beste hainbat erakundeetako ordezkariekin batera, Vicente Ferrer Fundazioak Anantapur barrutian egiten duen lana ezagutzen.
Bost hamarkada daramatza Vicente Ferrer Fundazioak Indiako komunitate txiroenekin lanean. Gune behartsuak eraldatzea eta bazterketa arriskuan dauden kolektibo ahulen bizi baldintzak hobetzea dira, besteak beste, Vicente Ferrer kataluniarrak 1969an Indian abiarazi zuen proiektuaren helburuak. Egun Ferreren familiak hartu du bere lekukoa eta proiektuak aurrera jarraitzen du.
Amurrio eta Laudioko udalek ekarpena egiten diote urtero Fundazioari. Laudioko Udalak Anantapurren eskola eta urtegi baten eraikuntza finantziatu ditu, aurten 7.182 euro bideratu ditu bertara. Amurrioko Udalak, aldiz, 2016an sinatu zuen etxebizitza komunitario batzuen eraikuntzarako 20.000 euroko hitzarmena. Inbertsioen fruituak bisitatzeko aukera izan dute udal ordezkariek Indiako egonaldian.
Esperientzia positiboa
“Indiara egindako bidaia oso aberasgarria izan da, oso ilusionatuta itzuli gara”, adierazi du Josune Irabienek, “bertako jendea oso esker onekoa da eta ikusi ahal izan dugu proiektu oso integratzailea dela; komunitateko kideek elkarri laguntzen diote, bakoitzaren kasta bazter utzita. Vicente Ferrer GKEak sustatzen dituen proiektuetan zein antzekoetan laguntzea ezinbestekoa da, laguntza handia behar duen jendeaz ari baikara. Guretzat diru gutxi denarekin Indian etxebizitzak eraiki daitezke”.
Amets Meatzak ere oso positiboki baloratu du Indian izandako esperientzia: “ikusitakoa pozgarria izan da, laudioarron ekarpenak uzta onuragarria eman baitu eta ematen jarraituko du”. Gaineratu du, bizitakoa "hunkigarria" izan dela, "bertakoen harrera eta eskertza izugarria izan baita. Bere lana ezinezkoak errealitate bihurtzea zela zioen Vicentek eta bertako bizilagunen irribarrea ikusita, lortu du, ez dut zalantzarik".