Euskal preso, iheslari, eta deportatuen aldeko ekimen ugari egingo dituzte Aiaraldean, Gabonen testuinguruan

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko abe. 20a, 07:00

Iazko gabonetan Ibon Iparragirre larriko gaixotutako Euskal Preso Politikoaren aldeko elkarretaratzeak egin ziren Aiaraldean. / Aiaraldea.eus

Bada garaia, presoak kalera! lemapean elkartasun ekintza ugari antolatuko dira Aiaraldean Gabon jaien testuinguruan. Elkarretaratzeak eta espetxeetara martxak egingo dituzte eskualdeko hainbat herritan.

Euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko elkartasun ekimen ugari egingo dira Aiaraldean hurrengo asteetan.

Elkarretaratzeak
Amurrion, urteko azken ostiralaz baliatuz, abenduaren 28an 20:00etan, elkarretaratzea egingo dute Juan de Urrutia plazan. Aurretik, abenduaren 21ean, Zaraobe Institutuko ikasleek Ikasleok zuekin! lemapean kontzentrazioa egingo dute ikastetxean 11:00etan.

Urduñan eta Orozkon ere egingo dituzte presoen askatasuna exijitzeko elkarretaratzeak abenduaren 28an.

Laudion ere burutuko dituzte mobilizazioak. Abenduaren 24rako, Olentzeroren kalejira egunerako, deitu dute lehenengoa. 18:00etan elkartuko dira Laudioko Herriko plazan. Abenduaren 31n, 19:00etan Herriko plazan berriz elkartzeko deia luzatu diete eskualdeko herritar guztiei,  Euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko brindisean.

Espetxeetara martxak
Abenduaren 22an eta 31n “Kalera” dinamikaren deialdiarekin bat egin eta Zaballa eta Basauriko espetxeetara martxetara batuko dira Aiaraldetik. Abenduaren 22an Arabako Zaballa espetxera bertaratzeko kotxe-kedadak antolatu dituzte Laudiotik eta Amurriotik 10:00etan. Laudion Latiorroko parkingean jarri dute hitzordua, Amurrion, aldiz, Txokogorri taberna parean.

Abenduaren 31n,, Basauriko espetxera joateko kotxe-kedada 11:30ean jarri dute Amurrioko Txokogorri tabernatik. Bertan dago Julen Ibarrola Amurrioko bizilaguna urtebeteko espetxe-zigorra betetzen.

Julen Ibarrolaren urtebetetzea
Abenduaren 24an Julen Ibarrola gazte amurrioarrak urteak beteko ditu. Iragan otsailetik Basauriko espetxean dago preso urtebeteko kondena betetzen errotulagailu batekin egindako margoketa baten harira. Juan de Urrutia plazan elkartuko dira senide eta lagunak arratsaldeko 18:00etan Ibarrola eta gainontzeko euskal preso politikoen aldeko argazki herrikoia ateratzeko.

Bilboko manifestazio nazionala
Urtarrilaren 12an Sare herritarrak manifestazio nazionala deitu du Bilbon “Orain Presoak!” lelopean. Bilboko mobilizaziora deitzen kalejirak eta bestelako ekintzak antolatuko dira Aiaraldeko herrietan. Urtarrilaren 3an Amurrioko Txokogorri tabernan Ilargiak talde akustikoak eskainiko duen kontzertua dago jarduera horien artean, besteak beste.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide