Greba deitu dute ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek itunpeko ikastetxeetan. Bihar hasi eta urtarrilaren 25ean amaituko dute lanuztea.
Ez dute itunpeko eskola guztietan egingo. “Ikastoletan ez dugu grebara deitu, akordioa lortu genuelako bertako titularrekin. Kristau eskoletan, aldiz ez da posible izan akordioa eskuratzea”, azaldu du LABeko Ane Landetak. Sindikatu horrek sinatu zuen akordioa Ikastolen Elkartearekin. ELA, aldiz, horren aurka posizionatu zen.
Aldarrikapenak
Laudioko La Milagrosako, Urduñako Andra Mariko eta Amurrioko Virgen Niñako langileak daude deituak greban parte hartzera.
Lanuztea egitearen arrazoi nagusia da ikastetxeetako langileek 2009tik daramatela hitzarmena berritu gabe. “ Zer dakar horrek? Gure soldatak izoztuta geratu direla eta erosmen-ahalmenari begira %10eko galera izan dugula”, azaldu du ELA sindikatuko Igor Velascok.
Hala ere, bestelako aldarrikapenak ere jarri dituzte mahai gainean. “Enpleguari eustea” da horietako bat. “Bost puntutan finkatzen ditugu gure aldarrikapen nagusiak”, aipatu du Landetak, “soldatak, egonkortasuna (kaleratzerik ez), kontratazioetan gardentasuna, prekarioan dauden langileen (0-3 zikloko hezitzaileak eta Heziketa Bereziko Hezitzaileak) lan baldintzetan hobekuntzak egitea eta irakasleen lan karga gutxitzea”.
Velascok gaineratu du “funtsezkoa” dela hezkuntza laguntzako espezialisten eta Haur Hezkuntzako lehen zikloko langileen baldintzak hobetzea, “sektore prekarizatu eta feminizatuenak” direla iritzita. Haien lana “irakaskuntza-izaerakotzat” hartzea eta klaseka prestatzeko ordu osagarriak ematea eskatzen dute sindikatuek, besteak beste.
Landetak, aldiz, kontratazioen gardentasuna bermatzearen garrantzia aipatu du, “dedokrazia” erabiltzea ekiditeko tresna bat dela uste duelako.
Erabateko batasun sindikala
Velascok nabarmendu du sindikatu guztiek egin dutela bat greba deialdiarekin. “Batasun sindikala izateak zilegitasuna ematen die gure aldarrikapenei; horrela, sindikatu guztiok plataforma bateratua plazaratu genuen Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalen aurrean”, azaldu du ELAko kideak.
Gurasoen aurrean
Astebete baino gehiago iraungo duen greba honek guraso eta familiengan izango duen eraginaz galdetuta, bi sindikatuetako kideek erantzun dute hezkuntzaren kalitateak zuzeneko eragina duela langileen lan-baldintzekin. “Familiei esan nahi diegu ikasleen hezkuntza kalitatean hobekuntza esanguratsuak emango liratekeela langileen aldarrikapenak kontutan hartuz gero”, aipatu du Landetak.
Bizkaiko Familia-Gurasoen eta Ikasleen Gurasoen Federazio Katolikoarekin bildu dira sindikatuak, grebaren arrazoien berri emateko.
“Bileraren bukaeran aitortu zuten ulertzen dituztela zeintzuk diren gure aldarrikapenak”, kontatu du Velascok, eta azpimarratu du langileak ez direla ordu murrizketa eskatzen ari. “Geletan gero eta gehiago agertzen den aniztasunari erantzun egokia emateko erabili nahi dugu denbora; ikasleei zein familiei arreta integrala eman ahal izateko”. ELAko kidearen aburuz, hezkuntza asko aldatu da azken urteetan, “baina aldaketa horiek langileen kontura egin dira”.
Grebaren ostean, zer?
Sindikatuek espero dute behin greba aukera egotea mahaiaren bueltan eseri eta negoziatzeko. “Kristau Eskoletako negoziatzaileen esku geratuko litzateke giltza”, Landetaren esanetan. “Patronalak mahai gainean benetako edukiak jarriz gero, hitzarmen berriz lortu ahalko litzateke”, gaineratu du Velascok.
Azaroan egin zuten azken lanuztea gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetan. Arrakastatsua izan zen orokorrean, baina Aiaraldean ez zuen horrenbesteko jarraipenik izan. Virgen Niñako langileen %54ak egin zuen greban. La Milagrosan, aldiz, ez zen inor batu protestetara. Urduñako Antzinako Andra Marin bi langilek egin zuten bat deialdiarekin.